Javier Gorosabel Urkia Eibarko astrofisikaria gomutan, azaroaren 26an teleskopio bati haren izena emango diote
Ekitaldi horretan, Alberto J. Castro-Tirado CSICeko ikerlariak, Eibarko alkateak Udalaren izenean egin duen testua irakurriko du. Castro-Tirado berak ere testu ederra idatzi zuen Gorosabelen heriotzean.
Hona dakargu baita Agustín Sánchez Lavega EHUko Fisika Aplikatuko zuzendariak Gorosabelen heriotzaren ondoren atera zuen artikulua.
"Javier Gorosabel irakaslearen oroimenez"
Javier Gorosabel Urkia eibartar astrofisikaria apirilaren 21ean zendu zen, 46 urte zituelarik. Andaluziako Astrofisika Institutuko (IAA–CSIC) zientzi ikertzailea zen, baita Ikerbasque research professor UPV/EHUko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Fisika Aplikatua I sailean ere. Javierrek astrofisika izugarri maite zuen, eta, horrezaz gainera, zientzialari aparta ere bazen. Izan ere, arlo horretan aipatuenen artean zegoen, 50etik hurbil h indizearekin eta argitalpenen 9.000 aipu baino gehiago zituen. Fisikako lizentziaturako ikasketak UPV/EHUn eta Unibertsitate Konplutentsean amaitu ondoren, doktoregoa egin zuen 1995 eta 1999 artean, Madrilen, Astrofisika Espazial eta Oinarrizko Fisika Laborategian. Valentziako Unibertsitatean defendatu zuen tesia: "Gamma Ray Bursts" (GRB, gamma izpien leherketak). Gai horri eskaini zion bere bizitza osoa. Doktorego ondoko bi egonaldi Danimarkako Danish Space Research-Neils Bohr Institute-n eta Baltimoreko Space Telescope Science Institute-n (AEB) eman ondoren, Marie Curie eta Ramón y Cajal bi kontratu lortu zituen, IAA-CSICen zientzialari titular plaza lortu baino lehen eta, beranduago, zientzia ikertzailearena eskuratu zuen. IAAren eta UPV/EHUren arteko Unitate Asoziatuaren bultzatzailea izan zen, eta bi urte beranduago sartu zen unibertsitate horretara.
Haren bizitza laburrean, zientzialari bikaina izan da, eta nazioarteko aitorpena jaso du gamma izpien iturri (GRB), aldaeren eta jatorrien aztertzeari egindako lanengatik. Astronomo peto-petoa izan zen, esperimentala, zorrotza eta prestua. Misio espazial anitzetan parte hartu zuen, teleskopio robotikoen sareetan, tresna berriak garatzen eta mundu osoko teleskopio handienak erabiltzen, eta horiekin zelatan eta erne ibili zen, eguneko zein gaueko ordu orotan, GRB leherketaren edozein alerta noiz gertatuko zain. Astrofisikako aldizkari nagusi eta ospe handiko beste batzuetan, Nature eta Science-n esaterako, izandako 250etik gorako argitalpenak dira Javierren lanaren isla.
Bestalde, Javierrek bere denboraren zati handi bat eskaini zion dibulgazioari, hitzaldi mordoa emanez eta hedabideetan parte hartuz, astronomiari zion maitasun izugarria zabalduz. Eta, esku hartu zuen, baita ere, UPV/EHUn sartuz geroztik, "Zientzia eta Teknologia Espaziala" masterreko jardueretan. Esandakoen gainetik, azpimarratzekoa da pertsona atsegina eta alaia zela, eguneroko bizitzan inguruan ibili ohi zirenak hari zerion kemenaz zipriztintzen zituena. Zientzialari eta pertsona handia galdu dugu gero! Baina, hortxe ditugu, gaitz erdi!, hark utzitzako zientzia eta betiko oroitzapena.
Hona hemen Gorosabeli ...etakitto aldizkarian argitaratutako elkarrizketa.
Dokumentuaren akzioak