Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Joseba Agirreazkuenaga historialariak emango dio amaiera eskoletako hitzaldi-zikloari

2023/03/27
Azken saioa, seigarrena, Institutuan izango da, martxoaren 28an. XIX. mendean esklabu-salerosketak Euskal Herrian izan zuen islaz eta gaiaren inguruko hausnarketa etikoaz arituko da hizlaria.

Joseba Agirreazkuenaga. Argazkia: Campusa (UPV/EHU).

Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga (Bilbo, 1953) Historia Garaikideko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bertan aritu da irakasle eta ikertzaile 1980az geroztik. 1972an hasi zen ikerketa-lanean,  Jose Migel Barandiaranen zuzendaritzapean, eta Julio Caro Baroja izan zen bere doktore-tesiaren zuzendaria. UEUren kide eta partaide erakundea sortu zenetik (1973), Biography & Parliament ikerketa-taldearen ikerlari nagusienetakoa da 1988tik hona.  2019an, Euskadi Ikerkuntza saria jaso zuen. Hainbat liburu eta artikuluren egile, euskara, gaztelera eta ingelesa dira bere ikerketa-lan oparoan erabiltzen dituen hizkuntzak.

Eibarko Udaleko Ego Ibarra Batzordearen eskariari erantzunez, Agirreazkuenagak berak egituratu ditu esklabutzari buruzko hiru hitzaldiak eta berak emango die amaiera. XIX. mendean, esklabu-salerosketaren ondorioak eta, bereziki, Euskal Herrian izan zuen isla zuzena izango du hizpide, hainbat eraikuntzatan ageri dena. Gogoeta bat egingo du esklabutzak iraultza industrialean izan zuen eraginari buruz, eta, amaitzeko, gogoeta etikoa erreparazioari buruz. Hizlariaren hitzetan: “Gure aberastasunaren eta ongi izatearen sorburua izan denez, Afrikako herrialdeak erreparazioa eskatzen ari dira. Deba Arroko industriagintzan eta Euskal Herrian eragin zuzen-zuzena duen fenomenoa da.”

Agirreazkuenaren saioarekin amaiera ematen zaio hiru eskolekin elkarlanean arituta (Aldatze, Eibar BHII-Institutua eta La Salle-Azitain) aurtengo ikasturtean antolatu den hitzaldi-zikloari (6 hitzaldi).

Hilaren 28ko hitzaldia Institutuan izango da eta euskaraz emango da. Herritarren batek hitzaldira joan nahi badu, ikastetxera deitu behar du (943 899 262) joateko.

Dokumentuaren akzioak