Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Konbentzioko gerra, herriaren suntsiketa eta Marruko gerrillaria

2021/07/13
1794ko abuztuaren 29an, frantses soldaduak Eibarren sartu eta txikizioak eragin zituzten. Gure herria izan zen Gipuzkoan gerratik kaltetuen atera zena.

"Atzo goizeko ipuinak", Jose Antonio eta Martin Azpilikueta

Frantziako Konbentzio Nazionalak Luis XVI.a erregea gillotinara eraman zuen 1793ko urtarrilaren 21ean. Gertaera horren ondorioz, gobernu iraultzaileak eta Espainiako monarkiak eten egin zituzten harremanak, eta Espainiak bat egin zuen Erresuma Batuarekin Frantzia iraultzailearen aurkako jarreran. Martxoaren 7an,  Frantziak gerra deklaratu zion Espainiari.

Testuinguru horretan Gipuzkoako Diputazioak tropak prestatu eta bidaltzeko eskatu zien udalei 1794ko otsailean. Eibarren hiru konpainia eratu eta maiatzean frontera joaten hasi ziren. Ekainean errogatibak egin zituzten parrokian, herriko jendea  gerratik onik irten zedin. Urrian herrira polbora eta bala-kintal bat ekartzea erabaki zen, eta herritarrei eskopeta edo fusila prest edukitzeko eskatu zitzaien, zer gerta ere. Eibarko jendea sekula baino kontu handiagoarekin zebilen frantsesen inbasioaren beldurrez. Uztailean, beste konpainia bat irten zen frontera; andrazko bat ere joan zen, Maria Ana de Arregui, soldaduen arropak garbitzeko. Uztailaren azken egunetan frantsesak Nafarroatik sartuta Baztan aldea hartu eta abuztuan Hondarribian sartu ziren.

Gipuzkoan zurrumurrua zabaldu zen Diputazioa tratuan zebilela Frantziakoekin; horren aurrean Eibarko Kontzejua 1794ko abuztuan batu eta  Gipuzkoako Probintzia lagatzea eta Bizkaian sartzea eskatzea erabaki zuen: "Acordaron protestar en contra de tal unión y segregarse de ella (Gipuzkoa), ofreciéndole en cambio al Señor de Vizcaya unirse a su Señorío para defenderse contra el invasor, obligàndose á satisfacer los mismos tributos y obtener iguales derechos que los naturales de Vizcaya". (Pedro Sarasquetaren Monografia liburua,  31. or).

Abuztuaren 29an frantsesak Eibar eta Ermua inguruko mendietan zebiltzan. Haien kontra egin zuten eibartarrek, baina gutxi ziren tropei aurre egiteko. Soldaduak Eibarren sartu ziren eguerdiko ordu bata eta erdietan: etxe eta elizetan lapurretan egin zuten; emakumeak bortxatu; gizonak eta gaixoak hil… Guztira hamabi pertsona izan ziren hildakoak. Eta, gainera, sute beldurgarria eragin zuten: 116 etxe erre ziren (Sarasketaren liburua 33, 34.or).

1795eko uztailean amaitu zen gerra, eta  Eibar izan zen kalte gehien izan zuen herria; eibartarrak, gerratik bueltan, ez zuten ez etxerik bizi izateko, ez tailer eta erramintarik beharra egiteko. Dena suntsituta geratu zen, eta herria altxatzeko eskean jardun behar izan zuten, bai Espainia aldean bizi ziren eibartar aberatsei, bai Indietan zeudenei, eta baita Erregeari berari ere.

Pedro Sarasquetak egindako lanean, ahozko tradizioan oinarrituta, frantsesen inbasioan Eibarren ibili zen Marruko 22 urteko heroi entzutetsuaren balentriak batzen ditu. Ziotenez, behin batean, Kontzeju aurrean frantsesak aurreskua euren erara dantzan zebiltzala, Marrukok jakin zuenean, menditik jaitsi eta tiro bakarrarekin zazpi soldadu hil omen zituen. Tiroa jo baino lehen, irrintzi bat bota ei zuen. Hala dio Sarasketak: "Apoyó Marruko la culata de su enorme trabuco sobre el muslo derecho, y lanzó al aire un irrintzi de guerra que fué ahogado seguidamente por el estampido de un trabucazo formidable, cuya metralla, repartida en forma de abanico, fuè á incrustarse en los cuerpos de los soldados".

Ez ziren garai goxoak izan, ez horraitiok!

Dokumentuaren akzioak

etiketak: 675urte