Niceto Muguruza mediku eibartarraren "Nociones generales de higiene del obrero siderúrgico" liburua berrargitaratuko da
Niceto Muguruza Larriña (1882-1920), sasoi hartako higienistarik ezagunenetakoa, Udal Laboratorioaren zuzendaria izan zen 1912tik hil arte.
Medikuntzarekiko berez zuen bokazioak, lan etengabeak, herritarren osasunaren aldeko ardurak eta, batik bat, lan-osasunaren inguruan zuen kezkak, 1917an, hitzaldi sorta bat ematera bultzatu zuten Armeria Eskolan; hurrengo urtean, 1918an, Conferencias. Nociones generales de higiene del obrero siderúrgico liburuan batu eta Eibarren argitaratu zirenak.
XX. mendearen bigarren hamarkada oraindik amaitzeke zegoela, Niceto Muguruza medikuaren Nociones liburuak bazuen sasoi hartan oso ohikoa ez zen "Seguridad en el trabajo industrial. Precauciones contra los accidentes de trabajo" izeneko kapitulu bat. Laneko osasuna, Eibarko etxeen baldintza higienikoak, uraren azterketa, alkohol gehiegikeriaren kontrako jarrera, eskola higienikoak, jendearen aurrean emandako hitzaldien eta mintzaldien bidez prebentzioa lantzea… Gaur egun gaurkotasun handikoak iruditzen zaizkigun gai horiek, orain dela ehun urte mediku eibartar handi hark sakon aztertu eta landu egiten zituen Udal Laborategiko zuzendari zeneko lanpostu hartan. Haren idazlumak apunte ezin hobeagoak utzi zizkigun, zentzurik zabalenean, gizarte osoaren osasuna ezagutzeko.
Aurten, lehenengo edizio haren mendeurrena betetzen den honetan, Lan Medikuntzaren Euskal Elkarteak liburua berriro emango du argitara, eta LMEEren buruak, Igarzabal medikuak, hauxe azpimarratzen du hitzaurrean: “Liburu honetan Eibarko mediku baten ikuspegia jasotzen da, zeinak 1917an laneko baldintza osasuntsuak proposatzeko jakinduria eta bultzada intelektuala izan baitzuen. Gainera, jakin zuen bitartekoak lortzen eta helburu horretarako erabiltzen, lanaren eta osasunaren arteko lotura garbi ikusita, gaur egun ere inbidiagarria dena. Mende bat geroago, lan eta osasun alorreko araudien argi-ilunez beteriko 100 urteko ikuspegiarekin, Laneko Medikuntzari eta Erizaintzari heldu nahi diogu zeharkako ikuspegi panoramiko batekin denboran, iraganetik etorkizunera, eta zeharkakoa irekitasunari dagokionez, laneko osasunaren baldintzatzaile ezagun guztiak aintzat hartuta eta etorriko direnak ikertuta. Erronka bat eta jarrera bat benetan zoragarriak. Eta gure ingurune hurbilenean, duela mende bat, Muguruza medikuak bidea erakutsi zigun, urrats berriak emanez, ez lehenak eta ez azkenak, eta oraindik ere urrats horiek ematen segitzen dugu.”
Dokumentuaren akzioak