Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"O’Donell kaleko bonba: lehertu zen ala ez?" Apirilaren 12an, Eibarko udal Artxiboan. Izenak emateko epea zabalik.

2018/03/27
1937ko apirilaren 24an bonba handi bat jaurti zuten hegazkin faxistek O'Donell kale gainera. Kalean bertan sortu zuen zulo garaua betiko geratu da gordeta eibartarron memorian, Indalecio Ojanguren argazkilariari esker. Federico Rodríguez ingeniariak hitzaldia emango du gertakizun horren inguruan. Azken batean, "O’Donell kaleko bonba: lehertu zen ala ez?". Hitzaldia entzuteko izena eman beharra dago: egoibarra@eibar.eus edo 943708423.

O'Donell kalea (gaur egun Egogain). Argazkia. Indalecio Ojanguren (Guregipuzkoa.eus).

Federico Rodriguez Cabezón ingeniari bilbotarrak urteak eman ditu 1936ko apirilaren 24an Condor Legioak jaurti zuen bonbaren nondik norakoak sakon eta zorrotz ikertzen. Apirilaren 12an, 18:00etan, ingeniari bilbotarrak udal Artxiboan azalduko ditu bere lan-ildoaren zertzelada nagusiak, metodologia ardatz. Federico Rodriguez Cabezón Sestaon jaio zen 1938an. Ingeniaria ikasketaz eta lanbidez, hainbat arlotan jardun du, eta makina bat proiektutan hartu du parte bere lan-ibilbide luzean, betiere elektrizitatearen esparruan.

Bizkaiko Labe Garaietan egin zuen lan 1964ra arte, ondoren Sniace enpresan aritu zen, eta 1972an hasi zen Sener Ingeniaritza eta Sistemak enpresarekin; berrogeita hamar urteetan hainbat proiektutan jardun du, besteak beste: Lemoizko Zentral Nuklearra, Pakistaneko Chasma Zentral Nuklearra, Eureka proiektu

aeroespaziala,  Getxo-Areetako Elektrizitate eta Instrumentazio Sekzioa. Halaber, esparru baten baino gehiagotan aritu da: energian: Zornotza Ziklo Konbinatuak; Fusioko Erreaktorearen Proiektua, Frantzian; defentsan: gudu hegazkin europarra (EFA); trakzioan: Bilboko Metroa; Proiektu industrialak: Industria Turbopropultsatzaileen Lantegia (ITP),  Loiun.2002an erretiroa hartu zuenez geroztik, Espainiako Gerra Zibilarekin lotutako gaiak ikertzeari ekin dio. Alde batetik, gerran zigortutako pertsona batzuk ahanzturatik ateratzeko; eta, bestetik, gertaera batzuk gogotik ikertzeko: Gernikako bonbardaketan, Santa Maria kaleko babeslekuan izan ziren hildakoak.Halaber, iaz, Bizkaiko Batzar Nagusiek argitaratutako Enkarterriak, Gerra Frontea liburuan ere parte hartu du, haren kapitulu bat idatzita: “Ohar batzuk Sestaoko historiaren inguruan, aire-bonbardaketak 1936/1937”.

Gure herriaren historia ere izan du aztergai. Alejandro Telleria Estala, gerra-sasoian Eibarko alkate izan zenaren ibilbidea ikertu du, bereziki, Santanderreko egonaldia,  Burgosen hil zen arte. Dokumentazio ugari jaso du eta orain hori guztia ordenatzen ari da.

Eta, nola ez, Eibarren eskainiko duen mintzaldiaren gaia: 1937ko apirilaren 24an, Condor Legioak jaurti zuen bonbaren inpaktua. Hala jaso zuten bere sasoian albistea: “Tremendo hoyo que produjo una bomba, la cual perforó unos tres metros y rompió una alcantarilla…” (Diario Vasco, 1937ko maiatzaren 1a). “unos cincuenta o tal vez más” hildakoei buruz ari dela, Santiago Arizmendiarrietak bere memorietan. Eskainiko duen hitzaldiaren abiapuntua zera da: halako bonba bat jaurti ondoren, eta hainbeste pertsona hil baziren, nolatan ez ziren kalte material handiagoak izan inpaktu-gunearen inguruan.

Hitzaldiaren gaia zalantza horretatik sortua da. Lehertu ote zen bonba, ala ez? Horixe izango da Federico Rodriguezek  frogatzen saiatuko dena, betiere kalkulu eta azterketa teknikoetan oinarrituta.

Ekitaldirako izena emateko epea zabalik dago martxoaren 29tik apirilaren 6ra, datu hauek emanda: izen-abizenak,  helbide elektronikoa eta telefonoa. Hona hemen: egoibarra@eibar.eus. Telefonoa: 943708423. Gehienez, 30 pertsonantzako lekua dago.

Dokumentuaren akzioak