Ohitura zaharrak Eibarren: San Juan sorba, sua eta lizarrezko gurutzeak
San Juan sorba bedeinkatzen Azitaingo parrokian (2010). Argazkia: eta kitto! Euskara Elkartea
San Juan sorba eta hura sutara botatzeko hitzak.
Tradizio zaharrak dionez, sorbia San Juan egunez bedeinkatu eta trumoiak jotzen zuenean erretzen ziren belar batzuekin egindako txorta izaten zen, kandela bedeinkatua piztu eta sorba erre egiten zen "Santa Barbara, Santa Kruz, jauna balio jakiguz..." esanda; txorta hartatik sobratzen zena San Juan bezperan erretzen zen. Horren inguruan oso interesgarria da Felisa Loiolak dioskuna (Eibartarren ahotan, egoibarra.eus gunearen barruan). Baliteke "sorba" berba hori "sobra" horretatik datorkigula.
Sorban, sasoi batean, erdian, oloa edo garia jartzen zen, gero, haren bueltan edo inguruan baina beheragotik porruak, berakatzak, kipulak; ondoren, belar onak eta txarrak: berbena belarra, anis-belarra, mieloa, menda-belarra, batana, sorgin-belarra...-, baita abarren bat edo beste ere -kindda-abartxoren bat, erramua, flota...
Ordutik hona ez da asko aldatu sorba: ortuariak, belarrak, erromeroa, larrosak eta San Juan lorea, urre-botoia edo beste lora-mota batzuk sartzen dituzte baserritarrek. Bakoitzak aukeratzen du zein den sorbarako belarra edo landarea.
Antzina, San Juan egunean Arratera joaten ziren baserritarrak sorba bedeinkatzera, gero, Ospitaleko kaperara edo elizatxora joaten ziren; gaur egun Azitaingo elizan bakarrik bedeinkatzen dira sorbak, San Juan egunean, goizeko 11etan. Hala ere, elizara joan barik ere, badago, San Juan bezperan, gauez, sorba kanpoan utzi eta ilargi amandreari begira jarrita, ihintzarekin bedeinkatzen duenik ere.
San Juan sorba bedeinkatu ondoren, etxean sikatzen lagatzen da eta hurrengo urteko San Juan bezperan, sua piztu eta sutara botatzen da hauxe esanda:
San Juan, San Juan
Arrautza bi kolkuan
Beste bi altzuan
Lapurrak eta sorgiñak erre, erre!
Garixak eta artuak gorde, gorde!
Beste ohitura zahar bat ere mantentzen da oraindik Eibarko baserrietan: San Juan egunean, goizean goiz, lizarrez egindako gurutzeak jartzen dira baserriko ateetan, lizar orriak bistan dituztela. Soroetan ere jartzen dira gurutzeak, baina ohitura hori galtzeko zorian dago.
Dokumentuaren akzioak