Parrokiako erloju zaharra zaharberritu egingo da, hiriaren 675. urteurrena dela eta, ikusgai egon dadin
Udal Artxiboak egindako txostenaren arabera, zaharberritu nahi den erlojua Ignacio Zubillagak, Albisturreko bizilagunak, egin zuen, eta 1910eko martxoaren 30eko jakinarazpen batek dioenez, Elizako dorrerako erloju berria amaituta zegoen eta perituaren bisitaren zain behin betiko jarri aurretik, hark oniritzia eman behar baitzuen fabrikatik irten baino lehen; Udalbatzaren 1910eko maiatzaren 18ko aktan jasotzen da gertaera: "Albisturreko erlojugileak amaitu du dorreko erlojua jartzen".
Erlojua Udalarena da, hura izan baitzen erloju zaharra ordeztea eta erloju berria egitea eta jartzea erabaki zuena.
Haren ordez beste erloju modernoago bat jarri zenetik erabiltzen ez zen erloju bat da; eta, orain arte, elizako leku berezi batean egon da gordeta, 2019an handik erretiratu zuten arte, obra batzuk egin behar zirela-eta. Gaia Ego Ibarra Batzordearen eskuetan utzi zen, eta hark, 2020ko uztailaren 1ean, erabaki zuen zaharberritze-prozesu bati ekitea, eta eskabide bat egin zion Hirigintzari aurrekontuetan zaharberritzeko zenbatekoa jar zezan eta non jarri azter zezan.
Erlojua burdinurtuzkoa da, letoizko danborrak ditu, eta kanpaiak jotzeko eraikia izan zen: orduetan puntuan eta ordu laurdenero; orduetan puntuan errepikatu egiten ziren.
Adjudikazio-prozesua egin ondoren, erlojuaren zaharberritze-lana Relojería Industrial Nervión enpresaren esku geratu da, eta enpresa horri esleitu zaio lana, 9.500 euroan, bere eskaintzagatik, hauxe baitio: “makina horiek deskribatutako eran jarri behar dira, eta erlojugileak egin zituenean bezala utzi; eta, martxan jartzen ez bada ere, funtzionatzeko prest laga”. Enpresak 2021eko urriaren 21ean ekarriko du erloju berritua, eta egun horretarako Udalak behin betiko kokalekuari buruzko erabakia hartua izango du.
Elizako erloju zaharra herriko bizilagunen eguneroko zereginen lekuko zintzoa izan da; eta XX. mende korapilotsu haren lehen urteetan, haren ezkilen errepikak eta dilin-dalanek markatu zuten eibartarren bizimodua.
Eman diezaiogun merezi duen ikuspena Eibarrek 675 urte betetzen dituen honetan, belaunaldi berriek haren berri izan dezaten.
Dokumentuaren akzioak