Rocandio tailerra, Untzueta "Jauregixa" eta Sagartegieta jauregia 3Dn kartografiatu dira
Sagartegieta jauregiaren armarria. Argazkia: Cuadrante.
Badira zenbait urte Eibarko Udaleko Ego-Ibarra Batzordea —Eibarko ondare materialaren eta ez-materialaren kontserbazioa eta zabalkundea zaintzen ahalegintzen den Batzordea—, informazio geografikoko sistema bati lotutako datu-base bat garatzen ari dela, udalerrian balio historiko-artistikoa duten eraikinen inguruko ahozko informazioa, idatzizkoa eta grafikoa bildu eta hori guztia herritar guztien eskura jartzeko (https://ondarea.egoibarra.eus).
Kasu askotan ez dagoenez ondare-balioagatik katalogatuta dauden edo kataloga daitezkeen eraikinen kartografia orokor eguneraturik, eraikinak eskaneatzen ari dira, bi helburu hauek betetzearren: alde batetik, Eibarko eraikin interesgarrien kartografia eguneratua izatea, gerora zaharberritze- edo birgaitze-proiektuak garatu ahal izateko; eta, bestetik, eraikinek gaur egun duten egoera erregistratzea eta dokumentatzea, herritar guztiek modu birtualean ikus ditzaten. Udalak herriaren ondare historikoa ezagutarazi eta balioa emateko duen asmoaren barruan sartzen dira lan horiek.
2023an egin dira 3Dko kartografia birtualeko lanak, hain zuzen ere, Eibarrek duen erlijio-eraikin nagusia, San Andres eliza jaso baita. Lan hori laster argitaratuko da, birtualki bisitatzeko. Bide horretatik abiatuta, pixkanaka osatu nahi da udalerrian balio historiko-artistikoa duten beste eraikin batzuen kartografia birtuala, ondare higiezina zabaldu eta kontserbatzeko xedez. Eta, bereziki, kontserbazio-egoeragatik edota hiri-garapenerako eta hiri-berroneratzeko hirigintza-proiektuengatik desagertzera irits daitezkeen ondasunetan. Eraikin horiek lehenetsi dira hiru dimentsioko erregistroak egiteko orduan.
Abenduan, kartografia digitala egiten esperientzia egiaztatua duen Cuadrante enpresak hiru eraikin hauek eskaneatu zituen: Sagartegieta jauregia, estilo barrokoko eraikin zibila, XVIII. mendean eraikia. Eraikin horren egungo egoera aurri-mehatxukoa da eta (1980-11-29ko EAO) A mailako babes bereziko erregimenarekin kalifikatuta dago; Txontako Industrias Rocandio SL, XX. mendearen lehen erdiko industria-eraikina, gaur egun kontserbazio-egoera txarrean egon eta erabilerarik ez badu ere, herriaren industria-jarduera eta historia ederki asko islatzen dituen tailerra izateaz gain, inguru hartako hirigintza-esparru osoa berroneratzeko asmoz botatzeko asmoa dagoelako. Eta, azkenik, Untzueta jauregia, estilo barrokoko eta jauregi-jatorriko eraikina, XVII. mendekoa, gaur egun irakaskuntza-erabilerakoa, La Salle ikastetxearen egoitza baita. Ondasun kalifikatua (1964-02-29ko BOE), A mailako babes bereziko erregimenarekin.
Behin betiko dokumentuak prestatu ondoren birtualki ikusi ahal izango dira eraikin horiek.
Untzueta edo, Eibarren, “Jauregixa”. Argazkia: Cuadrante.
Dokumentuaren akzioak