San Blas opillak eta Santa Ageda koplak Eibarren
          
          Sanblasak bedeinkatzen Eibarren (argazkia: ...eta kitto!)
Eibarren ohitura zaharrak agintzen du, eta San Blas eguneko opillak eta denbora batez paparrean jarriko diren zintak bedeinkatzea dugu herriko ohiturarik zaharren eta maiteenetako bat. Aurten ere herriko eliza askotan bedeinkatuko dira opilok.
Santa Ageda bezpera dugu hurrengo hitzordua: iluntzean, Sostoa abesbatzakoak eta Musika Eskolako trikitilariak kalez kale ibiliko dira aspaldiko koplak kantatzen. Antzina gazteak edo “kinttuak” izaten ziren baserriz baserri eskean joaten zirenak, afariren bat egiteko dirua batzen.
Makilak lurrean kolpatuz, koplen erritmoa gordeta aritzen dira kantuan, eta letrek, normalean, herriko kontuak edo halako etxeko zeraren borondatea edo beste haren zekentasuna dute hizpide. Eibarren dugun kopla zaharrenetako batek honelaxe dio:
Bedeinkatua izan dadilla 
Etxe hontako jendia 
Pobre ta umillak izan arren 
Badake borondatia. 
Lekamendi ta Bolingo 
Erdi–erdixan Katalan, 
Etxe txikiak ei dira baiño 
Hamen badago zer eman. 
Etxe hontako nagusi jaunak 
Urre gorriz du bizarra, 
Urre gorriz du bizarra eta 
Zidar labraduz espalda. 
Boltsan daraukaz diru bi 
Batak bestia diruri. 
Etxe hontako dama gaztiak 
Krabelintxua dirudi. 
Etxe hontako etxeko andria 
Leku oneko alaba, 
Bidian esaten etorri gera 
Limosnagillia zerala. 
Hor goixan dago hagia 
Lukainkaz bete-betia, 
Lukainkatxo bat emonagatik 
Ez da hustuko hagia. 
Dokumentuaren akzioak