Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Santakruz eskolako armarria eta kale-izeneko plaka zahar bat zaharberrituko dira

2024/01/18
Eskolakoak bi armarri batzen ditu: Gipuzkoako armarri zaharra (1513-1979) eta II. Errepublikak Eibarri emandako “Hiri” titulua duena.

Eibarko Txaltxazelai alde osoa berritu ondoren, San Andres gurutzea irudikatzen duen lorategiaren goiko aldean jarri zen Santakrutz eskolaren fatxadatik 1995ean erretiratu zen armarria, porlanezko armarria, Gipuzkoako lurraldearen armarri zaharra eta Eibarko Udalaren Errepublika sasoiko armarria biltzen dituena. Udal Lantaldearen biltegian zegoen gordeta, bandalismoagatik, euskarritik atera eta egoera txarrean utzi ondoren hara eraman zelako.

Santakrutzeko eskolen proiektua Urbano Manchobas Careaga udal arkitektoak egin zuen 1928an, Mandiola eta Gorosta baserri-auzoetako bizilagunek eskatuta, eta lanak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesean egin ziren 1933tik 1934ra bitartean. Urte horretan bertan hasi ziren klaseak ematen. Gerra Zibilean frontea egonkortu egin zen denbora batez, eta eskolak suntsitu egin ziren. 1942an berreraiki zuten eskola eta 1965 urtera arte egon zen zabalik.

Elementua interes historiko handikoa denez, zaharberritze-lanak urtarrilaren amaiera aldean hasiko dira  egiten. Armarria porlanezkoa da,  115 x 82 x 13ko neurria du eta 30 kilo inguruko pisua. Zaharberritze-lanean pieza garbitu egingo da, gogortu, bistan duen sare metalikoa saneatu eta estali, bolumenak oneratu, zuloak bete eta integrazio kromatikoa egin.

Victor Sarasqueta izena daraman burdinezko plaka bat ere zaharberrituko da. 1930eko urrian, Eibarko Udalak ordura arte Grabadores izena zuen kaleari izena aldatu eta Victor Sarasqueta izena ipini zion, eta, 1979ko udal-erabakiz izena Bittor Sarasketa euskal grafiarekin jartzea erabaki zen.

Ego Ibarra Batzordeak erabaki du elementu horiek lehengoratzea, duten balio historikoagatik eta gure historiaren aztarnak gordetzen dituzten elementu fisikoak iraunarazteagatik.

Bittor Sarasketa kalearen plaka

Dokumentuaren akzioak