Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Santakurutz eskolako armarria eta Victor Sarasquetaren izena daraman antzinako kale-seinalea zaharberrituta

2024/05/28
Udal Artxiboaren sarreran jarri dira historia-ondare balio handiko pieza biak

Santakurutz eskolako armarri zaharberritua. Argazkia: Udal Artxiboa

Gorosta auzoko Santakurutz eskola zaharraren fatxada nagusian zegoen armarria 1933az geroztik, burdinazko hagaxkaz osatutako armazoia duen zementuzko armarria. Haren inguru obalatua “pergamino-biribilki” erara apainduta dago, eta, erdialdean, Eibar hiriaren blasoiak daude, eta, simetria gordez, Gipuzkoako lurraldearen antzinako blasoiak (1513-1979). “Diputación de Guipúzcoa” goiburuko lemak armarri biak hartzen ditu.

Seguruenik, Gipuzkoako lurralde osorako egiten zen molde bat izango zen, lurraldeko udalerri guztietan banatzeko pentsatua. Eibarko blasoia mihiztatua egoteak eta beste material batekin egindakoa izateak berresten du uste hori.

130 cm-ko luzera du, 80 cm-ko sakonera , 17 cm-ko altuera eta 40 kg-ko pisua. Eskolako fatxadan egon zen bitartean, piezak hainbat kalte jasan zituen; galera handiak zeuzkan eta kontserbazio egoera orokorra ere ez zen egokia. Era berean, zikinkeria eta hauts lodiko geruza batez estalita zegoen.

Jatorrizkoaren forma desitxuratua zegoen material-galeragatik; eta erliebearen marrazkietako xehetasunak ere galduxeak. Bitan zatituta zegoen baina barruko egitura metalikoari esker, ez da gehiago zatitu, pitzadurak egon arren. Osorik berritu da, baina pieza barruan gordeta edukitzeko materialekin; beraz ezin da kalean jarri.

Plaka zaharberritua. Argazkia: Udal Artxiboa
Plaka zaharberritua. Argazkia: Udal Artxiboa

Bestalde, eta kaleko plakaz ari garela, 1930eko urrian, Eibarko Udalak Grabadores kaleari izena aldatu eta Victor Sarasqueta izena eman zion burdinurtuzko kale-plaka bat jarriz. Ertza boluta bikoitz batez dago apainduta behealdean, eta goialdean Eibarko armarria du, Gipuzkoako mazeroek eta alboko bolutek eusten diotelarik. Alboetan borneak dauzka plaka horman sartzeko. Erdian, Eibarko Victor Sarasqueta armaginaren izena agertzen da. 12 kg inguru pisatzen du.

Zikinkeria eta metalaren oxidazio aktiboa agertzen ziren objektuaren zati handi batean. Behin gutxienez jatorrizko kolorearen gainean pintatu zen, eta, horregatik, azalera ez zen homogeneoa eta aurreko pintura-hutsuneak nabari dira. Ez zen jatorrizko koloreekin birpintatu, eta kolore batzuk aldatu egin ziren: gurutzea zuriz margotuta zegoen, baina lehengo kolore gorriaren zantzuak zeuzkan, armarriaren ingurua eta koroa ere aldatuta zeuden.

Gainazala garbituta, kolorearen bizitasuna nabarmendu zen. Oro har, koloreari eutsi egin zitzaion, eta goiko geruza baino ez zen kendu. Esan bezala, garbiketarekin batera kolore originala agertu zen eta hura izan da orain eman dena. Azkenik, argizariz eta erretxina akrilikoz egindako produktu baten bi esku aplikatu ziren gainazal osoan.

Historia-ondare balio handiko pieza biak, oraingoz, Udal Artxiboaren sarreran jarri dira Juan Manuel Martínez eibartarrak egindako idulkietan, Artxiboan baitaude gordeta Santakurutz eskolaren eta kale-seinalearen inguruko agiri guztiak.

Dokumentuaren akzioak