Udal Artxiboa kalera: eibartarrok gure herriaren 1889tik 1988ra bitarteko historia irudiz ezagutzeko aukera izango dugu
1925 (circa). Iraolagoitia-Biardeau familia Indianokoa jauregiaren lorategian. Eibarko Udal Artxiboa. Heraclio Echeverria Funtsa
Untzagan, argazkilari profesional askoren argazkiak ikusiko dira, Castrillo-Ortuoste familiaren argazkiak; Indalecio Ojanguren argazkilariarenak; Benigno Plazaolarenak… Baita Artxiboari eibartarrek emandako hainbat bilduma ere.
Hala ere, agiri guzti horietatik, hemen, Heraclio Echeverria Basterra mediku otorrinoaren argazki-dokumentuei egingo diegu so; Eibarko herriaren XX. mende hasierako irudiekin eta erretratuekin osatuko bilduma, haren bilobak Artxiboari 2001ean emandako 240 agiriko funts ederra.
Heraclio medikua zen, otorrinoa, hain zuzen. Gasteizen jaio zen, 1887ko apirilaren 15ean, eta Eibarren hil zen, 1982an. Haren aita eibartarra eta armagina zen, baina Gasteizera joan zen bizitzera. Ama, Teresa Basterra, 1853ko urriaren 15ean jaio zen, Mirafloresen (Bizkaia). Bost urterekin Eibarrera etorri zen bizitzera, Bilbozar kalera. Bertan, Teresaren gurasoek arma-lantegi bat zuten. Heraclio sei urterekin hasi zen eskolan, Gasteizko marianistenean. 10-16 urte zituenean, batxilergoa ikasi zuen Bergarako domingotarren ikastetxean. Medikuntzako ikasketak Zaragozako unibertsitatean egin zituen. Osasun-arazo baten ondorioz, Lehen Mundu Gerran Suitzako erietxe batera joan behar izan zuen, eta han Jose Artadi ezagutu zuen, zeinak geroago Soraluzen mediku gisa lan egin baitzuen. Mendizalea zen Heraclio, eta Klub Deportiboarekin lotura estua izan zuen. Hainbat jardueratan Indalecio Ojanguren argazkilaria eta biak elkarrekin aritu ziren.
Argazkilaritzari dagokionez, ona izan zen nahiz eta profesionala ez izan. Lehenengo kamera epeka erosi zuen, Donostian. Kamera hauspodun bat zen, eta etxeko ganbaran errebelatu eta kopiak egiten zituen, kristal gorriko leiho bat zuen gela bat prestatu baitzuen han.
Zinegotzia izan zen 1923an, Remigio Guimón Egaña alkate zela, eta 1924an eta 1925ean, José González Orbearekin. 1913an, Adelaida Yraolagoitiarekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituzten, haietako bat, Jose Mª Echeverria Yraolagoitia, Eibarko alkate izango zena (1967-1972).
Eibarko Artxiboak herriko plazara lau saiotan aterako duen ordu eta erdiko pelikula honetan, herriko argazkizale baten XX. mende hasierako dokumentu eder askoak ere ikusiko ditugu: Heraclio Echeverria mediku eibartarrarenak.
Dokumentuaren akzioak