Udal Artxiboak 1568, 1594 eta 1593 urteetako hiru agiri esanguratsu berriztu ditu
Zaharberritu den dokumentuetako baten argazkia: Juan Martinez de Arrizabalaga eta Juan eta Andres haren semeen kaperatasun-auzia.
1912an berreskuratu dituen agiriak hauek izan dira: aurrena 1568ko noblezia- edo kaparetasun-auzi bat, Juan Martinez de Arrizabalagarena eta Juan eta Andrés haren semeena; bigarrena, Domenja de Arguianoren kontrako epaia (1594) umea bertan behera utzi edo abandonatzeagatik, eta, azkenak, 1593 eta 1594ko hainbat eskritura.
Hiru dokumentu horiek Eibarko Eskribautza Funtsaren barruan daude 1537. urtetik 1868. urtera bitarteko funts garrantzitsua. Gure herriak dokumentu asko ditu sasoi hartakoak: 3.478 espediente daude Artxiboan. Eskribauek, sasoi hartan, herrian gertatzen zen guztia jasotzen zuten: aktak egin, hartzen ziren erabakiei edo akordioei fede eman eta dokumentuak zaindu. Horixe zen euren egitekoa. XIX. mendearekin batera, antzinako erregimena amaitu zenean, hiru botereak –legegileak, lege betearazleak eta epaileak- banatu egin ziren eta 1862ko maiatzaren 28an onartu zen Notariotzaren Lege Organikoak banandu egiten zuen epaiz kanpoko eta epai barruko fede-emate betekizuna. Hortik aurrera, notarioa eta Epaitegietako idazkariek euren bidea egingo dute eta alkateek betiko galduko dute epailetza lana.
Udal artxiboa pixkanaka ari da dokumentu zaharrak berritu eta digitalizatzen. Zaharberritu diren dokumentuen artean azpimarratzekoak dira 1600. urtetik 1900. urtera bitarteko Udal Akta Liburu guztiak (40); San Andres elizako Erdi Aroko koru-liburua edo Antifhonarioa (kristau liturgiari berezkoa zaion melodia motza, latinez kantatzen zena), Eibar eta Soraluze-Placencia de las Armas-en arteko hitzarmenaren eskriturak, eta Eibarko hiria berreraikitzeko planoa, Laureano Uzcangak egindakoa eta Eibarren gerrate zibilean izandako gertakizunen inguruko hirigintzaren lekukotasuna jasotzen duena.
Dokumentuaren akzioak