Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Unibertsitate Laborala: 1968-2009

2009/03/27
1968an, Peli Egañaren ekimenez jaio zen Eibarko Unibertsitate Laborala abenduaren 17an inauguratu zen. Aurten, berrogei urte badituela eta, ospatzeko ekitaldi bereziak antolatzen ari dira. Datorren apirilaren 25ean, langile eta langile-ohien arteko topaketa izango da. Urtean zehar beste hainbat ekitaldi plazaratuko dituzte.

Eibarko Hezkuntza Esparrua: Unibertsitate Laboral izatetik "Uni" izaterako bidea.

1968ko azaroaren 12an hasi zen Centro Técnico Laboral de Eibar izena zeraman ikastetxearen aurreneko ikasturtea; frankismoaren Gobernuko Lan Ministerioak, beharginen seme-alabendako, Unibertsitate Laboralak deitzen ziren ikastegiak ezartzen zituen hainbat lekutan, helburutzat, heziketa integraleko ikastetxe-sare bat eraikitzea hartuta, hasi oinarrizko hezkuntzatik eta ingeniaritza teknikoraino heldu arte. Ikastetxe horiek, normalean, esparru bakar batean hainbat hezkuntza-maila izaten zituzten; ikasle gehienak internoak edo barnekoak ziren, baina hala ere, leku batzuk gorde egiten zituzten herriko ikasleendako.

Eibarko Unibertsitate Laborala 1968ko abenduaren 17an inauguratu zen, Jesús Romeo orduko Lan ministroa bertan zela. Hasierako ikasturte hartan 244 ikasle zituen, horietatik, 36 baino ez ziren Gipuzkoakoak. Unibertsitate laboraletan, Eibarkoa izan zen jas ozen 11. ikastetxea; Euskal Herrian lehenengoa.

Eibarko hezkuntza-esparruak 1100 ikasle hartzeko kapazitatea zuen, 900 barneko ikasle edo interno gisa; horretarako hiru ikasle-egoitza zituen: Gorbea, Jaizkibel eta Urkiola; 200 plaza ziren inguruko ikasleentzat gordetakoak. Hasierako hartan eskaintzen ziren ikasketak batxilergoa, elektronika eta ingeniaritza teknikoa ziren (ingeniaritzan, makina elektrikoak eta industria-elektronika espezialitateak zeuden).

Orduan, ingeniaritza ikasketak Donostiako Ingeniaritza teknikoko Unibertsitate Eskolaren menpe zeuden; geroxeago Valladolideko Unibertsitatearen eskuetan geratu ziren, harik eta Euskal Herriko Unibertsitatea sortu eta horri lotuta geratu ziren arte. 1994ean, ikastetxea EHUan integratu zen oso osorik.

Dokumentuaren akzioak