Urtarrilaren 19an, koloreztatutako 10 argazki handi jarriko dira Ipurua auzoan
Zezen plaza eta kuartela goitik ikusita (1965 ingurua). Argazkia: Udal Artxiboa.
Eibarren 1950eko apirilaren 23an jokatu zen lehen errugbi-partida, Ipuruako zelaian, Anglet Olympique eta Aviron Bayonnais talde frantsesen artean. Eulogio Echeverria eibartarra izan zen ekitaldiaren sustatzailea, 1925ean Frantziako ligako jokalaria izan baitzen. Eguraldiak ez zuen lagundu, baina jende-andana batu zen ordurarte Eibarren inoiz sekula ikusi bariko kirol hura ikustera.
Ipurua aldeak bazuen bere pasealekua dorreak eraiki aurretik, auzoko askok eta askok oraindik ere ondo gogoan duten jolaslekua eta egonlekua. Plazaolaren argazkiak zuhaitz azpiko pasealeku luze elurtua dakargu gogora.
Eta jendea, auzoko jendea San Kristobal jaietan Lambrettak eskaintzen zituen hamaiketakoetan; umeak Ipurua zelaian disfrutatzen… Futbol-zelai horretan hasi zen jokatzen Jose Eulogio Garate, “Zuloaga en arte y en fútbol Gárate” pegatina ezagunaren futbolaria eta 1964an SD Eibarrek Unión Deportiva Cultural Chantrearen kontra 3. mailan jokatutako partidaren golegileetako bat. Nazioarteko futbol-jokalari izatera iritsi zen Garate.
Ipurua izaten zen sasoi hartan txirrindularien helmuga, eta 1965eko Eibarko Bizikleta irabazi zuen KAS taldeko kide guztiek ere bertan atera zuten argazkia: Elorza irabazlea, Anton Barrutia, Gabika, Langarika, Jiménez… Izen ezagun asko zaletuentzat Soraluzeko Kontrargi argazki-taldeak utzitako Eli Lakuesta argazkilariaren argazkian.
Sanjuanetako koadrillen lehiaketak entzutetsuak izaten ziren 60ko hamarkadan: zezen plazara joatea eta argazkia ateratzea ezinbestekoa zen. Argazkietan hiru kuadrilla dauzkagu: Baikorak, Alaiak eta Peña Piquio.
Eta, azkenik zezen plaza bera erdian dela, eremu zabal bat, goitik hartuta: Txaltxa Zelaiko frontoi zaharra eta Arma Probalekua; Txaltxa baserria; Abelux bizikleta-tailerra; Astelena pilotalekuaren teilatua eta ortuak; Mari Tere Munduate andereñoak zuzentzen zuen Eibarko lehenengo ikastolaren lokalak; Capitol zinema…
Guardia Zibilaren horma zaharretan zintzilikatuko dira nortasun handiko auzoaren argazki zaharrak, gehienak Udal Artxibokoak, Eibarrek 675 urte bete berri dituela-eta.
Dokumentuaren akzioak