Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ustekabe txarangaren diskoaren aurkezpena Coliseoan, abenduaren 16an eta 17an.

2021/12/14
Eibarko 11 kanta edo doinu zahar adierazgarrienak jasotzen dituen lanak aste honetan ikusiko du argia.

"Eibarko kantuak", Ustekabe

Hauexek dira Ustekabek argitaratuko duen diskoan sartu diren kantu edo doinu herrikoiak: Agur esanda banua, Arragueta, Suite Eibartarra, Eibar tiene su entrada, Eibarko Herria, Forjarien kanta, Hiru gizon ilustre, Venid al pueblo de Eibar, Arrateko Ama, Himno a Eibar eta Cielito.

Diskoaren lagungarri eta osagarri, kantu bakoitzari buruzko informazioa eta alderdi musikala jasotzen duen liburuska egin da, ezinbestekoa Ustekabek egin duen harmonizazio-lan sekulakoaren jatorria ezagutzeko.

Horretarako, onena, liburuskaren hitzaurrera jotzea da:

Itturri zaharreko ur barrixa

"Sustraixetan sakonduz loratutako proiektu barri bat da eskuartian dakazuna. Gure aitxitxa-amamak kantatzen zittuen kantuak hartu, doiñu eta erritmo barrixekin nahastau, eta zeozer barrixa eskindu nahi izan dogu. Usain barriko betiko kantuak topatuko dittuzu disko honetan, zaharbarriztutako ondaria. Kantu zahar gaztetuak.

Gure herriko kantuak ez ahazteko ekarpentxua egin nahi izan dogu, kantutegixak bere barruan  gordetzen dabelako gure izakeria eraikitzen daben elementuak: geografixia, pertsonajiak, berbetia, ahozkotasuna, jokera soziologiko eta politikuak… azken baten, gure historixia. Horregaittik nahi izan dogu kantutegi zaharretik disko barrixa egittia: kulturiak egitten gaittualako herri.

Disko hau aurretik beste batzuek egindako biharrari esker egin ahal izan dogu. Hasteko, gure herriko Musika Eskoliari izena emoten detsan musikua aittatu biharko genduke: Juan Bautista Gisasola konpositoria. Bere gazte sasoiko kantuak jaso zittuan Suite Eibartarrian. Gerora, XX. gizaldixan zihar, hainbat izan dira gure kantutegixaren inguruko informaziñua gorde, sortu edota dokumentatzen parte hartu dabenak: Toribio Etxebarria, Juanito San Martin, José Luís Pérez Sarasketa, Enrique Montero… ondare hori jasotzeko, 2001ian Eibar Kantuz Kantu liburua egin zeben Mireia Otzerinjauregik eta Mikel Sangronizek. Gure herrixan kantau izan diran 196 letra eta doiñu jaso zittuen bertan. Badago nun ikasi!

Aitortu bihar dogu ezin dogula esan kantu guztiak berez Eibarkuak diranik. Kasu batzuetan egilletza ez dago argi, edo beste herri batzuetako kantuen trazia dake. Halandabe, esan geinke danak kantau izan dirala Eibarren, eta gure folkloriaren parte dirala. Kantu batzuk berreskuratu eta armonizatu egin doguz, baiña beste batzueri goittik behera aldatu detsegu estilua: antxiñako doiñuak gogoratziaz gain, horretan oiñarritu eta ziharo barrixa dan zeozer sortu nahi izan dogu, itturri zaharrak emon deixan ur barrixa.

Eibarko Ustekabe Txaranga 2000. urtian sortu zeben Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako 16 ikaslek. Harrezkero dozenaka kide pasau dira txarangatik. XX. urteurrenian egindako hau diskuau modu bat da urtiotan guztiotan Eibarko herrixak emon deskun babesa eskertzeko. Eibarko Udalak diruz lagundu desku gastuak pagatzen, baiña Ustekabeko kidiok bihar haundixa egin dogu musutruk, herrixari altxor txiki bat oparitu nahixan.

Proiektu hau gauzatzeko, Eibarko gazte mordoxkiakin jardun dogu auzolanian. Hori izan da filosofixia: Eibarko gaztiak, aitxitxa-amamen kantu zaharrak oiñarri hartuta, produktu musikal fresko bat sortzia. Entzule hori, itturri zaharreko ur barrixau zeure gustokua izango dala espero dogu.”

Gabonetan, badugu zer entzun eta zer oparitu: Eibarko doinu eta kanta zaharrak, goitik behera eraberrituak, 10 euroan aurkezpen-ekitaldian bertan.

Beraz, belarriak gozatzeko aukera ederra Ustekaberekin eta Eibarko Koru Gaztearekin.

Dokumentuaren akzioak