Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Viteritarrak / Los Viteri de Eibar liburua, Isaac, Javier eta Alberto Saénz de Viteri medikuen biografiak biltzen dituena, abenduaren 17an aurkeztuko da, udaletxean, 12:00etan

2022/12/12
Egun horretan, Eibarri buruz eta Viteritarrei buruz hitz egitera datorren Ciriaco Agirre Errasti medikuari Txopitea eta Pakea saria entregatuko zaio.

Eibarko udaletxean datorren zapatuan (abenduak 17) aurkeztuko den liburuak, Antxon Narbaiza Azkue idazleak idatzitakoak, sendagintzan jardun duten hiru mediku-belaunaldiren historia islatzen du, zeinek medikuntza-lana herritarrentzako zerbitzutzat hartuta, egiten zuten lanari aparteko garrantzirik emateke jardun zuten. Viteritarrak / Los Viteri de Eibar liburuaren aurkezpen-ekitaldira Ciriaco Aguirre medikua etorriko da berba egitera eta, aldi berean, Udalak emango dion Txopitea eta Pakea saria jasotzera.

Viteritarren hasierako enborra Isaac Saénz de Viteri Cortazar izan zen, Eskoriatzan jaiotakoa. 1913ko apirilaren 20an izendatu zuten Eibarko mediku titular. Julio Sarasuak, Eibar aldizkarian argitaratutako artikulu batean zioen On Isaac benetako instituzioa zela gure herrian, erreferentzia bat, eta eskoriatzarrak Eibarren egindako lehen urratsak zekartzan gogora, Eibar kale estuko, etxe iluneko eta jende gutxiko herria zenean. Sarasuak zioen  Isaac Viteri eta Ziriako Aguirre medikuek jakin izan zutela ikasitako zientzia beste metodo enpirikoago batekin batzen eta ondo asko ezagutzen zituztela biek familien joerak eta ahuleziak. Isaac Saénz de Viteri 1973an zendu zen, 85 urte zituela, medikuntzan 52 urtez jardun ondoren, horietako 42 Eibarren. 

Isaacen semeak, Javierrek, aitaren ofizioari jarraitu zion eta Eibarko mediku gisa nabarmendu zen, eta orduko kroniken arabera, ez zuen neurririk dedikazioari dagokionez. Marka guztiak hautsi zituen etxeko bisitetan —erakundeetan eta fabriketan egiten zuen lana alde batera utzita—, eta horrela egunero, urte askoan. Javier Saénz de Viteri 1976an hil zen, 51 urterekin. Bere seme Albertok 1979an ekin zion mediku-lanari, Deban; 1979ko abenduan Eibarrera etorri zen Alfako mediku gisa lan egitera, eta hura utzi ondoren, Orbean eta Grupo Danobat  enpresetan ibili zen. Lan horrekin batera, kontsulta pribatuan jardun du lanean, duela gutxi erretiroa hartu duen arte. 

Egun horretan, hizlari gisa, Ziriako Agirre Errasti medikua izango da. Barne Medikuntzaren arloan ospe handieneko sendagileetako bat da Ciriaco Aguirre, eta Oteizaren Txopitea eta Pakea saria emango zaio, ibilbide profesional bikainagatik eta Eibarko herriaren izena zabaltzeagatik. EHUko Medikuntza Fakultateko Patologia eta Klinika Medikoetako katedraduna, Bilboko Gurutzetako Ospitaleko Barne Medikuntzako Zerbitzuburua 1972tik hona; horiexek izan dira bere zeregin nagusienak. Hala ere, beste kargu asko ere bete ditu: Espainiako Barne Medikuntzako Elkartearen ohorezko lehendakaria da (1998az geroztik), International Society of Internal Medicine-ko kide, eta Barne Medikuntzako Batzorde Nazionaleko partaide. Mundu osoan ezagunak diren hainbat zientzia-argitalpen idatzi ditu, ikastaroak, mintegiak eta udako ikastaroak zuzendu eta eman ditu estatuko zein nazioarteko unibertsitate askotan, eta 20 doktore-tesi baino gehiago gidatu ditu.

Dokumentuaren akzioak