Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"Zuloaga eta euskal artistak" dokumentala sarean, Euskararen Egunean

2020/12/03
Eibarko margolari handiak bere sasoiko artistekin zuen hartu-emana aztertzen du Ismael Manterola ikerlariak.

Zuloagaren jaiotzaren 150 urteurrenean egin diren lau dokumentaletako bigarren honetan Zuloaga eta euskal artistak gaia dakargu, Ismael Manterolaren eskutik.

Lotura handia zuen Zuloagak bere sasoiko artista euskaldunekin, gehienak, Parisen ezagututa. Horietako bat Durrio zen, eibartarrari lehen urratsetan asko lagundu ziona.  Rusiñol edo Casas katalanekin ere hartu-eman handia izan zuen. Artearen giro horretakoak ziren bere lagun gehienak, baina lagunik handiena Pablo Uranga zuen, Elgetan bizi zen gasteiztar margolari handia. Manuel Losadaren izenak ere berebiziko garrantzia du eibartarraren ibilbidean, eta  Regoyos, Guiard eta Losadak bultzatuta, 1911n Euskal Artisten Elkartea sortu zenean, Zuloaga bidaide eta lankide izan zuten Bilbo aldean sortu zen arte modernoaren aldeko giroan.

Bilbok zabaldu zizkion Zuloagari artearen ateak, eta 1926ra arte ez zuen Madrilen erakusketarik egin, ordurako mundo osoan ezaguna  zenean. Begirune handiz jokatu zuen artista gazteekiko; Narkis Balenciaga edo Flores Kaperotxipi ditugu horren adibide.

Bere sasoiko euskal artistak zituen lagun Zuloagak, eta artista gazteei asko lagundu zien artearen alorrera ekarri zuten modernitatearen haize berria hedatzen.

Dokumentuaren akzioak