Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Alejandro Telleria Estala

Eibarko alkatea, 1876-09-24

Alejandro Telleria Estala, “Ali”, Pagaegi izeneko etxean jaio zen, 1876ko irailaren 24an. Gurasoak, Manuel Telleria eta Rosa Estala soraluzetarrak, Eibarren finkatu ziren eta bost seme-alaba izan zituzten; Alejandro zen nagusiena.

"Alkate txikixa" gaitzizenez ezagutzen zuten bere garaiko eibartarrek

Alejandrok kezkaz eta ametsez betetako herri batean iragan zituen haurtzaroa eta gaztaroa. Ideologia sozialistakoa eta gazte-gaztetatik urte haietako borroka sozial eta politikoan murgildua, Akilino Amuategiren lagun handia zen. “Ile beltza, txikia, bizar sarria, begi grisak, bekain iletsuak”, halakoxea omen zen Telleria. Hortik “Ali Txikixa" edo "Alkate txikixa" gaitzizena. Oso dotore janzten zen beti eta sonbreroa eramaten zuen.

Alejandro Telleria, 01

Alejandro Tellería, lehenengoa ezkerretik hasita. Argazkia: Eibarko Udal Artxiboa.

1920ko apirilaren 1ean udal hauteskundeak izan ziren eta sozialista eta errepublikarrak irten ziren garaile. Udalbatza hamazazpi zinegotzik osatu zuten, tartean zela Alejandro Telleria sozialista, herriko alkate izendatua izan zena. Sozialisten artean, besteak beste, José Guisasola, Candido Arrizabalaga, “Apotxiano”, Francisco Echeverria, Florentino Bueno eta Alberto Mendiguren zeuden; errepublikarren artean José María Ojanguren, Feliciano Astaburuaga, Ciriaco Aguirre, Francisco Arizmendi… Eusko Alderdi Jeltzaleko zinegotzi bakarra zegoen, Antonino Aldazabal. Alejandro Telleria aukeratu zuten alkate. Bere burua kargurako gai ikusten ez bazuen ere, herriaren alde gogor lan egingo zuela zin egin zuen, beti interes publikoei begira eta justiziaren alde.

Habiendo resultado inútiles las protestas con que quise eludir el cargo para el que me indicaron mis compañeros de representación y que hoy me impone el Ayuntamiento, no puedo menos de hacer observar lo arduo de la tarea a que se me obliga en relación a lo limitado de mis recursos personales, y […] bien podría ocurrir que la tarea a cumplir frente a la administración municipal resultara una carga demasiado grande para mí, y, en este caso, quiero recabar el derecho de que se me juzgue. […] Sentado esto, comprometo mi palabra de que he de ser fiel ejecutor de los acuerdos municipales […] y del interés público, siguiendo el partido de la justicia en todos los asuntos.
1920/04/01 Alejandro Telleriak alkatetza kargua hartu zueneko agurraren pasartea. Iturria: 1920eko Akta Liburua (109-110 or.). Eibarko Udal Artxiboa.

Telleriak oso garai gorabeheratsua eta gatazkaz betea bizi izan zuen lehenengo agintaldian, bai maila politikoan bai ekonomiko eta sozialean: Espainia Marokoren kontrako gerran sartuta zegoen, eta Eibarren manifestazio handiak egin ziren haren aurka.

Alejandro Telleria, 02

Eibartarrak Marokoko gerraren aurka. Argazkia: Eibarko PSE-EE.

Bestalde, 1920ko irailaren 15eko Errege Dekretuak, armen fabrikazio eta salmentaren interbentzioari buruzkoa, gogor jo zuen euskal armagintza, eta, ondorioz, baita Eibarkoa ere; gainera, Eibarren, greba luze bat egiten ari ziren, armagin gremio guztietara zabaldu zena. Patronalaren oposizio gogorrak negoziazioak eragozten zituen, eta Telleriak hainbat bilera antolatu zituen patronalaren eta langileen artean akordio batera iristeko. Udalak, halaber, lursailak laga zituen doan Armen Probalekua handitzeko, armagintzaren jarduera sustatze aldera.

Hace tiempo que la industria armera, castigada con las más arbitrarias disposiciones, da la sensación de un enfermo resignado con su mal, sin la voluntad necesaria para administrarse los remedios convenientes y curarse.
15/07/1921
“Moción sobre cuestión armera”. Iturria: 1921eko Akta Liburua. Eibarko Udal Artxiboa.

Herriko egoera ekonomiko larriaren ondorioz, Udalak Cocinas Populares izeneko ekimena bultzatu zuen: udaletxe barruko patioan, egunero banatzen zen janaria herriko familia guztientzat. Sukalde haiei “Rantxua” deitzen zieten:

Leída una instancia de los Sres. Presidente y Secretario de la Casa del Pueblo, solicitando los útiles de la cocina económica popular para organizar unas sopas comunistas a que se verán probablemente obligados con motivo del cierre provocado por los dueños de las fundiciones, el Ayuntamiento acordó conceder dicho útiles
1920/06/16
Iturria: 1920eko Akta Liburua. Eibarko Udal Artxiboa

Herriari zegozkion arazoez gain, Telleriaren Udalbatza kezkatu zuten beste gai batzuk hauek izan ziren: Estatuak bizitza demokratikoari egiten zizkion murrizketak, konstituzio-bermeak etetea eta arbitrariotasuna arau gisa ezartzea, "Estatuak bere esparru juridikoa utzi eta borroka sozialean alderdietako baten alde jarriko balitz bezala". (Anormaltasun konstituzionalaren eta indarraren erabileraren aurkako protesta. Iturria: 1921/07/20ko akta-liburua. Udal artxiboa).

Udalbatzak bere ahotsa altxatu zuen askatasun funtsezkoenen bahiketaren aurka, eta hiriko indarren buruak Alkatetzaren berezko eskuduntzak inbadituz egiten zituen gehiegikeriak salatu zituen.

Telleriaren lehenengo alkatetza-aldia laburra izan zen. 1921eko azaroan, Eibarko Gazte Sozialisten Elkarteak orri solte bat argitaratu zuen Atiende, Obrero izenekoa, ustez Ejertzitoaren kontrako hitzekin eta Alkatetzaren zigiluarekin. Gazte Sozialisten zortzi gazte atxilotu zituzten (Aurelio Oroz, Florencio Acha, Eusebio Gorrochategui, Eugenio Rocandio, Joaquín Churruca, Lucio Vrotons, Raimundo Pagnon eta Alfonso Marey) eta prozesu judizialean zehar alkatea deklaratzera deitu zuten —lehenik, lekuko gisa, eta, bigarren aldiz, inputatu legez—, sediziora bultzatzea leporatuta, orri hura Alkatetzaren zigiluarekin ateratzea baimentzeagatik. Prozesamenduaren arrazoia haren lurralde-esparruko argitalpenak ez kontrolatzea zen, 1883ko uztailaren 26ko Inprentaren Polizia Legeak agintzen zuen bezala.

Art. 6. Este mismo requisito se llenará en todo folleto, y además el de depositar en el Gobierno de provincia, o en la Delegación especial gubernativa, o Alcaldía de la población en que vea la luz, tres ejemplares del mismo en el acto de la publicación.

Art. 9.º La representación de todo periódico ante las Autoridades y Tribunales corresponde al Director del mismo, y en su defecto, al propietario, sin perjuicio de la responsabilidad civil o criminal que puedan tener otras personas por delitos o faltas cometidos por medio del periódico.
1920/06/16
Ley de Policía de Imprenta de 26 de julio de 1883. Iturria: Gaceta de Madrid. Año CCXXII, 211. znb.

Akusazioaren oinarria zen Eibarko Gazte Sozialistek gerraren aurkako orri bat argitaratu zutela, Ejertzitoaren kontrako irainak zituena, eta, hortaz, Ley para la represión de los delitos contra la Patria y el Ejercito o Ley de jurisdicciones de 1906 izeneko legearen 3. artikulua aplikatu zen.

Art. 3.° Los que de palabra o por escrito, por medio de la imprenta, grabado u otro medio mecánico de publicación, en estampas, alegorías, caricaturas, emblemas o alusiones, injurien u ofendan clara ó encubiertamente al Ejército, a la Armada, o a instituciones, armas, clases o Cuerpos determinados del mismo, serán castigados con la pena de prisión correccional.
1906/04/24 Ley para la represión de los delitos contra la Patria y el Ejército. Iturria: Gaceta de Madrid. Año CCXVL, 114. znb.

1921eko azaroaren 11n, Gobernu Zibilaren ofizio baten bidez, Instrukzio Militarraren Epaitegiaren beste ofizio baten berri ematen zen, adieraziz Telleria alkate kargutik erretiratzea ebatzi zela. Kargua lagatzean alegatu bat egin zuen, Udal askatasunarekiko errespetua exijituz eta udalari eskatuz "garaietako zailtasunei buru eginez" bere lanean jarraitzeko. Marcelino Bascaran jarri zuten haren ordez.

Alejandro Telleria, 03

Udalbatzak aho batez erabaki zuen Telleriaren defentsa ordaintzea, eta 1922ko abenduan egin zen Gerra Kontseiluan bai Telleria bai zortzi gazteak absolbitu egin zituzten. Urte hartako otsailean udal hauteskundeak egin ziren eta Benjamín Villabella zinegotzi independentea izendatu zuten alkate.

Eskuineko irudian, Alejandro Telleriaren eta beste zortzi eibartar gazteen Gerra Kontseiluraren berria egunkarietan. Iturria: Diario de Burgos (1922/12/18)

Alkate kargugabetua grabadore-ofiziora itzuli zen. Dos de Mayon zeukan tailerrera, Faustina Agirre emaztearekin bizi zen kale berean. Eibarko mugimendu sozialistaren kide garrantzitsua izaten jarraitu zuen.

1931ko apirilaren 12an Primo de Riveraren diktaduraren osteko lehen udal hauteskundeak egin ziren, eta Eibarren 10 zinegotzi sozialista hautatu ziren (Alejandro Telleria, Juan de los Toyos, Martín Erquiaga, Cándido Arrizabalaga “Apotxiano”, José Lizarzaburu, Félix Arregui, Florentino Bueno, Marcelino Bascaran, Jacinto Galarraga eta Miguel Gorrochategui), 8 errepublikar (Domingo Córtazar, Eulogio Gárate, José María Ojanguren, Mateo Careaga, Gregorio Bustinduy, Florentino Carral, Jacinto Alberdi eta Esteban Rementería) eta EAJeko zinegotzi bat (Joaquín Elorza). Alejandro Telleria bigarren aldiz izendatu zuten alkate sozialisten eta errepublikarren aldeko botoekin. Ordurako “Alkate txikixa” gaitzizena zuen.

Handik egun bira, 1931ko apirilaren 14an, II. Errepublika aldarrikatu zen, eta bi egun lehenagora arte alkate izandako Timoteo Zubiatek Alejandro Telleriaren eskuetan laga zuen alkate-makila eta udal-gobernu berria sortu zen. Egun horretan bertan alkateak bando bat atera zuen eibartarrei delegatuen aginduei jarraitzeko gomendatuz.

BANDO

“Don Alejandro Telleria, alcalde constitucional de la villa de Eibar: Hago saber: Que habiéndose constituido el Ayuntamiento elegido por el sufragio popular el domingo último para tomar los acuerdos que corresponde a las circunstancias históricas por las que atraviesa la nación, ha consentido en asumir la responsabilidad de la guarda y conservación del orden, a cuyo efecto nombrará los delegados necesarios, que llevarán un distintivo de la República. Recomiendo, en nombre del Ayuntamiento, que todo el vecindario atienda las indicaciones de dichos delegados, que obedecerán órdenes encaminadas al bien público de este órgano fundamental del derecho restablecido”
1931/04/15
Eibarren II. Errepublika aldarrikatu ostean, Telleria alkateak ateratako bandoaren zati bat. Iturria: La Libertad, 1931/04/15.

Maiatzean, behin-behineko Gobernu errepublikarrak “Hiri guziz eredugarria” titulua eman zion Eibarri, erregimen berria aldarrikatu zuen lehenengo herria izateagatik. Indalecio Prieto Ogasun ministroak dekretua irakurri zuen Udaletxeko balkoitik, Marcelino Domingo Instrukzio Publikoko ministroaz lagundurik.

Alejandro Telleria, 04

Eibarri “Hiri guztiz eredugarria” tituluaren berria, Mundo Gráfico egunkarian (1931/05/13, 1019. znb., 6. orr.) Iturria: BNE-Biblioteca Nacional de España.

Errepublikak hainbat arlotan hobekuntza ugari ekarri arren, armagintzaren krisiak — aspalditik zetorren kontu bat— arazo larria izaten jarraitzen zuen, eta Eibarren langabezia tasa oso handia zen. Telleriak berriz ere “rantxua” jarri zuen martxan, eta, 1933an, Urbano Manchobas udal arkitektoarekin batera, Obra Plan Berezi bat abiatu zuen etxebizitzak eta azpiegiturak sortzeko eta armagintza sektoreko langabeei lana emateko.

Telleriaren alkatetza sasoian azpiegitura-lan asko egin ziren, herri osoaren onerako: baserri-auzoetako eskolak, etxebizitzak, ibaia estaltzea, labaderoak, ura ekartzea, Elgeta bideko obren amaiera, musika kiosko berria, udal instalazio batzuen zaharberritzea (hiltegia, labaderoa…).

Egoera politikoa tentsio handikoa zen: gatazka sozial handia zegoen 1933an ezkerrak hauteskundeak galdu zituelako, greba orokorrak etengabe egiten ziren, 800 langabe baino gehiago zeuden Eibarren, mobilizazioak jornalak handitzeko eskatuz... Euskadiko udalek dimititu egin zuten 1934ko irailean, eta gobernadore zibilek gestorekin ordezkatu zituzten. Eibarren, urriaren 15ean eratu zen Gestora, 1931ko zinegotzi gehienak espetxeratuta edo justiziatik ihes eginda zeudenean Greba Orokor Iraultzailearen edo Urriko Iraultzaren ondorioz izan ziren gertakariengatik. 238 lagun atxilotu zituzten herrian, tartean alkatea bera.

Telleria, ihesean zihoala, Frantziara pasatu aurretik Irunen bizi zen Simon anaia txikiaren etxean geratu zen. Frantziara ontzi batean pasatu behar zuen egun berean atxilotu zuten, eta beste eibartar batzuekin batera, Iruñako Espetxe Probintzialera  eramaten zuten. Garai hartako komunikabideetan jasotzen denez, “Telleria jauna atxilotu dute, Eibarko alkate ohi eta herri hartako mugimenduaren buruzagia”(La Región. (1934/08/18). La Libertad (1934/11/16) egunkari aurrerakoian, ostera, hala dator aipamena: “probintziako mugimenduaren buruzagi nagusi”.

Domingo Cortazar alkate hautatu zuten Gestoraren barruan egindako bozketan, eta Udalean jarraitu zuen 1936ko otsailaren 21era arte. Fronte Popularraren garaipenaren ondoren, Ministroen Kontseiluak amnistia-legea onartu zuen gertaera iraultzaileetan inplikatutako guztientzat. Otsailaren 23an, igandea, 1931ko apirilaren 21eko hauteskundeetako hautetsiak berriz ere karguen jabe egin ziren. (Iturria: La insurrección de Octubre del 34 y la II. República en Eibar. Egilea: Jesús Gutiérrez).

Alejandro Telleria atzera ere alkate zereginetara bueltatu zen. 1936ko urriaren 7an eta gerra hasita, ordezkari izendatu zuten, Florencio Markiegi (gerran fusilatua) Debako alkatearekin eta Gipuzkoako Gobernadore Zibilarekin batera, Jose Antonio Agirre lehen Eusko Jaurlaritzako lehendakari hautatua izan zen hauteskundeetan parte hartzeko.

1936ko azaroaren 13an, Euskadiko Gobernuaren Ogasun sailburuari bidalitako gutun batean, Alejandro Telleriak, hiriko alkate gisa, azaltzen du udalerriak jurisdikzio osoa mantendu eta lurraldeak elementu matxinatuek inbaditu gabe jarraitu arren, bere funtzio eta zerbitzu guztiak gerra-eremuan egonik lana geldituta dagoela, eta industrietako makineria mobilizatuta eta deuseztatuta. Telleriak dio diru-iturririk ez dagoela udal-langileen nominak ordaintzeko eta herritarren premia larriei erantzuteko; eta, beraz, berrogeita hiru mila seiehun eta berrogeita hamahiru pezetako kreditu bat eskatzen du, soldata eta gastu horiek ordaintzeko.

Junta de Defensa de Eibar
Eibar es línea de fuego, y en su localidad sólo debe haber defensores y gente de suma confianza, es decir, que tenemos que saber qué gentes tenemos con nosotros y entre nosotros. Eibar es por hoy zona de guerra y no debemos tener entre nosotros exceso de personas más o menos frívolas, las precisas para los trabajos que los momentos exigen, y nada más; el resto debe ser invitado a salir, el que no valga o no pueda trabajar en lo que el momento pide, debe salir de ella. El mantener tanta gente ociosa, además de un gasto inútil y perjudicial, estorba. (…) Por lo tanto, vigilemos cuidadosamente y no dejemos entrar a nadie que no justifique ser del pueblo, afecto al régimen y que viene a un trabajo determinado, para el cual haya sido llamado mandado por los encargados de los talleres de Eibar o Bizcaya.
1936/10/18. Gerra Zibilaren hasieran Eibarko herriaren egoera deskribatzen duen egunkariko pasartea.
Iturria: Euzkadi, 7429.zenb., 4. orr.

Frankistek 1937ko apirilaren 26an herria bonbardatu eta hartu zutenean, Alejandro Telleria Eibarren zegoen, Euzkadi egunkarian maiatzaren 5ean ohar bat argitaratu zelako, non adierazten zen alkateak bilera batera deitu zituela gainontzeko zinegotziak. Prentsan hari buruz agertzen den azken erreferentzia da.

Hortik aurrera, datak zehaztea zailagoa da. Badakigu Faustina emaztearekin Santanderrera ihes egin zuela eta han bizi izan zela Ramón Pelayo kaleko Madrid hotelean (“Control de Refugiados en Santander” agiriak dioenez), eta Santander erori zenean, Simon anaia txikia haien bila joan zela. Bi anaiak urtebetez egon ziren bien arreba zen Regina Telleriaren etxean, Sestaon. 1938ko urrian jada bazuten Frantziara pasatzeko balioko zien dokumentazioa eta mugara eramango zituen autobus bat hartu zuten. Donostia inguruan, tropa frankistek autobusa geratu eta atxilotu egin zituzten.

1938ko urrian eraman zuten Burgosko espetxera eta bertan hil zen

Alejandro eta Simon Telleria 1938ko urriaren 28an Burgosko gartzelara eraman zituzten, eta 1939ko urtarrilaren 31n Valdenocedako (Burgos) gartzelara, ehun-fabrika bat izandako konzentrazio-esparru batera. Ehunka pertsonak galdu zuten bizia han gerra garaian eta gerraostean, baldintza txarren eta etengabeko zigorren ondorioz.

Simon Telleria handik gutxira libre utzi zutenean, Alejandro ospitalera eramateko eskatu zuen, oso gaixorik zegoelako.

1939ko abuztuaren 28an, Alejandro Telleria Burgoseko Ospitale Nagusira eraman zuten eta, bi hilabeteren ostean, urriaren 24an hil zen. Handik gutxira Burgosen eztei-bidaian zegoen loibetako bat bisitatzera joan zenean, ospitaleko mojen erantzun hau jaso zuen: “Ha muerto como un perro, le hemos enterrado como un perro”. Burgos hiriko San José Hilerrian dago lurperatuta.