Enrique Zuazua Iriondo gure herriko matematikari handiak maiatzaren 9an jasoko du Alexander von Humboldt ikerketa-saria.
Enrique Zuazua matematikaria. Argazkia: FAU, Kurt Fuchs
2019ko Alexander Von Humboldt saria (PDF) Berlinen jasoko du Enrique Zuazua eibartarrak, Deutsche Telekom-eko egoitza nagusiaren aretoan, Alemaniako Hezkuntza eta Ikerkuntza ministroak eta Alexander von Humbolt Fundazioaren presidenteak gidatuko duten ekitaldian (PDF).
Erlangen-Nuremberg hirietako Friedrich Alexander Universitäit (FAU) unibertsitateak hartuko du matematikari eibartarra. Saria eman ziotenean erakunde horrek adierazi zuen Zuazua munduko lehena dela Matematika Aplikatuetan.
Matematikaren arlo horren xedea da modeloak, simulazioak, eta ezagutza aurreratuen hainbat esparrutan ingeniaritzatik eratorritako prozesuen kontrola hobetzea; hala nola, hegazkintzan, sare eragileetan, nahiz jokabide sozialean. Halaber, naturaren fenomenoak aurreikusteko ere —itsasaldiak kasu, klima-aldaketa medio— gero eta garrantzitsuagoa da modelo matematikoen, irudien, neurketen eta datuen kalitatea, eta Enrique Zuazuaren ikerketa-arloan ezinbesteko oinarria izango da hori.
Katedra honek matematika berriak garatzen lagundu dezake Naturaren dinamika hobeto ulertzeko; bai eta konputagailu modernoen laguntzarekin simulazio hobeak egiten ere.
Eibarrentzako eta eibartarrentzako albiste ezin hobea izateaz gain herri bezala ohorea ere bada, eibartar batek arlo horretan inoiz jaso duen saririk handiena delako. Ondo merezitako saria.
Dokumentuaren akzioak