Javier Gorosabel Urkia
Astrofisikoa, 1969-10-27
Javier Maria Gorosabel Urkia Eibarren jaio zen, 1969ko urriaren 27an, eibartar familia ezagun baten barruan: Amaia eibartarraren eta Moises ermutarraren sei umeetatik gazteena izan zen. Ume-umetatik Astronomiarekiko zaletasuna landu zuen, eta sarri igotzen zen Arratera teleskopioa hartuta, han zerua behatzeko. Laster egin zen Aranzadi Zientzia Elkarteko kide. Eibarren egin zituen lehenengo ikasketak: lehen hezkuntza ikastolan, eta bigarren hezkuntza Ignacio Zuloaga institutuan. Gero, Leioan (Bizkaia), Euskal Herriko Unibertsitatean, hasi zituen Fisika Zientzien ikasketak, eta han lehenengo hiru urteak egin zituen (1990), Madrilera joan aurretik; Madrilen, Universidad Complutensean lizentziatu zen, bi espezialitatetan: Astrofisikan (1992) eta Oinarrizko Fisikan (1994).
1995ean, bekadun hasi zen INTAn (Instituto Nacional de Técnica Aerospacial), eta, zenbait hilabete geroago, INTAren menpekoa den Astrofisika Espazial eta Oinarrizko Fisika Laborategira joan zen, Europako Espaziorako Agentziak Villafranca del Castillon (Madrid) duen campusean; han, doktoretza-tesia hasi zuen gamma izpien eztanda kosmikoen arloan (GRBak, “Gamma Ray Burst” ingelesezko esapidetik), Alberto Castro Tirado irakaslearen zuzendaritzapean. Eztanda horiek (1967an aurkituak estreinakoz) misteriorik handienetakoak ziren garai hartan energia handien Astrofisikaren arloan; gaur egun, badakigu haietako asko direla masa handiko izarren kolapsoaren ondorio, zulo beltzak sortzen dituen fenomenoa. Javier Gorosabelek ekarpen handia egin zuen ikerlerro horretako aurrerapen askotan.
Doktoratu aurretik ere, oso emankorra izan zen haren ikerkuntza. Javier Gorosabelek parte-hartze garrantzitsua izan zuen energia handietan ikusten diren eztandei lotutako iturri optikoak identifikatzen. Astrofisikan espezializatutako aldizkarietan egin zituen eragin handiko argitalpenek lagunduta, doktoretza-tesia defendatu zuen Valentziako Unibertsitatean, 1999an, eta Bikain cum Laude kalifikazio altuena lortu zuen.
Tarte labur batez irakasle aritu zen Aranjuezeko (Madrid) Alpajés Bigarren Hezkuntzako Institutuan, Zientziak irakasgaia ematen; eta 2000 eta 2003 urteen artean bere prestakuntza zientifikoa zabaltzen segitu zuen doktoratu ondoko egonaldietan: Amsterdameko Unibertsitatean (Herbehereak), Europar Batasunaren Marie Curie kontratu batekin; Kopenhageko Espazio-Ikerketen Institutuan (Danimarka), Niels Bohr Institutuko ikertaldearekin lankidetzan; eta , azkenean, Baltimoreko Hubble Espazioko Teleskopioaren Institutu Zientifikoan (Estatu Batuak).
2003an, Espainiara itzuli ostean, Ramón y Cajal doktoratu ondoko kontratu bat lortu, eta CSICeko (Consejo Superior de Investigaciones Científicas) Andaluziako Astrofisika Institutuan ikertzaile sartu zen, Granadan; han, ekarpen baliotsuak egiten segituko zuen, Astrofisika Robotikoko eta Energia Handien Astrofisikako taldearen barruan. 2006an, CSICeko Zientzialari Titularraren postu bat lortu zuen, oposizio-lehiaketa bidez; eta, bakarrik lau urte geroago, Zientzia-Ikerlarien eskalara igo zen.
Javier Gorosabel erreferentzia garrantzitsua izan da mundu mailan —eta bada oraindik—, GRBen (gamma izpien eztandak) fisikaren ikerketan, sistema horien fisikaren gaineko argitalpen bikainak egin baititu eta lidergo sendoa izan baitu nazioarteko lankidetzetan. Biltzar ugaritan aurkeztu zituen bere aurkikuntzak, baita biltzar haietako zenbaiten antolatzaileetako bat izan ere, eta akta-liburuak editatu zituen. Granadako Unibertsitatean eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean master eskolak eman zituen energia handien Astrofisikari lotutako irakasgaietan.
Javier Gorosabelek beti mantendu zuen lotura estua bere herriarekin, eta sarritan bisitatzen zuen Donostiako Materialen Fisika Zentroa (CSICen eta EHUren —Euskal Herriko Unibertsitatea— arteko institutu mistoa). 2012an sustatu zuen Unitate Elkartua sortzea Agustín Sánchez Lavegak zuzentzen duen EHUko Zientzia Planetarioen Taldearen eta CSICeko Andaluziako Astrofisika Institutuaren artean. Urte hartatik aurrera, Bilboko EHUko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoaren Fisika Aplikatuaren Sailean egin zuen ikerkuntza lana, eta urruneko kontrolaren bidezko Calar Alto-ko teleskopioen behaketa-programa garatu zuen Espazioko Zientzia eta Teknologia Masterreko ikasleentzat. Guztira, Javier Gorosabelek 1.000 bat testu zientifiko argitaratu zituen, eta lau doktoretza-tesiren zuzendarikide izan zen.
Javier Gorosabelek, zientzia arloko ekarpenak egiteaz gain, astronomia-tresneria garatzen ere jardun zuen, eta teleskopioetan instalatzen diren datuak eskuratzeko kamerak (hainbat funtzionaltasunekoak) garatu zituen, besteak beste. Calar Altoko Astronomia Zentro espainiar-alemaniarreko (CAHA) 1,23 metroko (diametroa) teleskopioa automatizatzen lagundu zuen, BOOTES teleskopio robotikoen sare globala garatzean lortutako eskarmentua erabiliz. Eta beste hainbat tresna diseinatzen eta garatzen parte hartu zuen: EDIPO eta WedoWo polarimetroak, JAST/T80 teleskopioa, CAHAko 2,2 metroko teleskopiorako PlanetCAM kamera (EHUren ekimenez)… Eta, planetako teleskopiorik handienetakoa den 8,1 metroko Gemini bi teleskopioetako baterako Andaluziako Astrofisika Institutuak proposatu zuen tresna baten ikertzaile nagusietako bat izan zen.
Javier Gorosabelek astronomia-dibulgazioan ere jardun zuen, eta jende ororentzako hitzaldi ugari eman zuen, Euskal Herrian, Espainian zein atzerrian. Gogo handiz bultzatu zuen zaletuen astronomia-behatokiak sortzea, eta ikertzaile-kide izan zen Europar Batasunak finantzatutako Herritarren Zientziaren GLORIA proiektuan.
Javier Gorosabel 2015eko apirilaren 21an zendu zen, bat-bateko gaixotasun labur eta anker batek jota. Beraren omenez, ekainaren 27an, Eibarren berariaz egindako hilarri bat jarri zen Girgillaoko behatokian (Nafarroa), zeinaren sorreran gogotsu jardun baitzuen. Beraren omenez, halaber, “JGT” (“Javier Gorosabel Telescope”) izena jarri diote BOOTES Sare Globaleko bosgarren teleskopioari, Kalifornia Behereko San Pedro Martir-eko Behatoki Nazionalean (Mexiko); eta, teleskopioaren inaugurazio-ekitaldian (2015eko azaroaren 26an), Eibarko alkatearen gutun hunkigarri bat irakurri zen haren herrikide guztien izenean.
Espainiako Astronomia Elkarteak saio berezi bat eskainiko die beraren lanari eta pertsonari, 2016ko uztailean Bilbon egitekoa den bere XII. Bilkura Zientifikoa.
Stefania Dessantik haren emazteak eta Javierrek lan egin zuen zentroetan lankide izan dutenek betiko izango dute gogoan nolako pertsona zen: argia, ardura handikoa, zintzoa, eskuzabala, adeitsua, hurbila, baikorra, alaia, dinamikoa… Arrasto pertsonal sakona zein balio handiko herentzia zientifikoa utzi ditu: gogoz bizi izan zuen bizitza, eta aztarna utzi zuen bizi izan zen toki guztietan. Eibartar unibertsala izan zen, bete-betean, hitzaren zentzurik hertsienean.