Mikel Beorlegi Ereña
Arkeologoa, 1959-02-08
Txiki txikitatik piztu zitzaion fosilen eta harrien inguruko zaletasuna eta gai horri buruz eskuetara heltzen zitzaion guztia irakurtzen zuen. Aitarengandik jaso zuen artearekiko zaletasuna eta beste kide batzuekin batera Azido Taldearen partaide izan zen denbora apur batean.
Aita Barandiaranen urratsen jarraitzaile, lehenengo aurkikuntza arkeologikoei ekin zion, aurrenik, Eibarren bertan, Akondian, eta gero Araban.
Hala ere, askoz ere lehenago zebilen Arabako Arkeologiako Institutuan lanean; hor burutu zituen Araia Ibai Arroaren proiektu barruko miaketa-kanpainak eta beste hainbat indusketa. Amestutxo izeneko kalkolito-brontze aroko herrixkaren aztarnategian dabil ikertzen. Aztarna arkeologiko ugari aurkitu ditu, trikuharriak, bizilekuak, hilarriak eta azken urte hauetan arkeologiaren inguruko argitalpen luzeagoak idazteari ekin dio.
Paleontologian, Camero Zaharrean Sotoko ikniten aztarna eta fosil ugari aurkitu ditu. 2005ean Mesozoikoaren inguruko erakusketa antolatu zuen ARCES kultur elkartearen ekimenez; bera izan zen talde horren sortzailea Cameroseko Kultura herrikoiaren zantzuak ikertzeko xedez.
Egun, Gasteizko Koldo Mitxelena institutuan Geografia, Historia eta Artea ikasgaiak ematen ditu. Ikerketa arkeologikoan, Arabako ekialdean segitzen du lanean eta Cameroseko bigarren mailako eraikuntza herrikoien katalogoa burutzen ari da.
Hainbat lan argitaratu ditu arkeologiari eta aurre-historiari buruz han-hemenka. Hemen, bere artikuluen mustra bat, gehienak “Estudios de Arqueología Alavesa”n argitara emandakoak.