Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

1603. urteko maiatzaren 7an etorri ziran Eibarrera, Burgostik, Agustinen Erreformako komentuko lehenengo monjak, Errebaleko Agustinak.

2021/05/06
Moja hauek izan ziren Errebaleko komentuaren sortzaileak: Mariana de San José, Leonor de la Encarnación, María de Jesús eta Constanza de San Pablo.

Eibarko monja agustindarrak (Jose Antonio Azpilikueta)

Agustindarrek Toledon 1589an egin zuten kapituluan hiru komentu fundatzeko erabakia hartu zuten. Komentu haietako bat Eibarren jasotzekoa zen, sasoi hartan Calahorra eta La Calzadako elizbarrutikoa; hala ere, komentua ez zen eraiki 1603. urtera arte, Magdalena eta María de Mallea ahizpa eibartarrei esker eraiki ere. Abiapuntua Magdalena Malleak 1589an leku hartan eraikitzea agindu zuen ermita bat izan zen, Mariak gerora handitu zuena. Handik urte batzuetara, Juan Bautista Elejalderen —Maria de Mallearen semea— eskuetan utzi zuten San Kosme eta San Damiani eskainitako monastegiaren fundazioa.  

Obrak 1601ean hasi ziren eta, 1603rako komentuan sei moja eta Mariana de San José priorea zeuden.  1791-92 bitartean Ignacio Bicente Errastik komentuaren eraikin berria jaso zuen eta 1900ean Ramon de Cortazarrek berritu. Agustindarrek 1603tik 1940ra arte Eibarren izan zuten egoitza eta, gerratean Errebaleko komentua suntsitu eta Eibarko beste eraikin batzuetan egon ostean (Untzeta jauregian, Untzagako dorretxean), Berrizera joan ziren denbora batez, eta handik Lekeitiora. Gaur egun ere hantxe daude. Lekeitioko komentu berrian ondo gordeak dauzkaten Historial-ek ederto asko jasotzen dituzte komentuaren eguneroko gorabehera guztiak.

Mojek Regiones Devastadas erakundeari saldu zizkioten higiezina okupatzen zuten lurrak, Errebaleko merkatu plaza eraikitzeko. Hiru finkaren tituluak (Agustindar mojenak) Eskualde Hondatuen Ministerioak erosi zituen, eta beste biak nahitaezko desjabetzearen bidez eskuratu ziren.

Plazaren proiektua Ortigosa arkitektoarena izan zen eta  komentuak antzina hartzen zuen lekuan jaso zen Eibarrek ezagutu duen bere hirugarren merkatu plaza edo azoka. 1945eko ekainaren 28an, azokaren gozamena Udalaren eskuetan geratu zen, eta 1971eko urtarrilaren 27an, Udalarena izatera pasatu zen.  

Ermita bat, monasterio bat, merkatu plaza bat eta, azkenik, Errebal Plazia izeneko askotariko eraikina. 1603an Eibarrera asto gainean heldu ziren moja haiek ez zuten sekula pentsatuko beren komentuko gorabeherak horrenbesterainokoak izango zirenik eta bi marrazkilariren eskuetara iritsiko zirenik.

Dokumentuaren akzioak