2013ko azaroa: kultura ekitaldiak
Azaroaren 8an ‘Guernica 1913’ antzezlana ikusteko aukera izango dugu. Sardo Irisarri eibartarrak zuzendutako antzezlanean “Esperanza y Unceta” fabrikaren leku-aldaketaren ondorioz izandako gertaerak hartu dira gidoiaren ildo nagusitzat. Fabrika horren sortzaileetako bat Rufino Uncetabarrenechea Ibarzabal eibartarra izan zen (Eibar, 26/8/1885; Gernika, 29-9-1976), Juan Pedro Uncetabarrenechea Cendoyaren semea, 1874. urtean “Ferretería Unceta” sortu eta, 1908. urtean, Juan Esperanzarekin batera, “Esperanza y Unceta” arma-fabrika fundatu zuena.
Antzezlanak oinarrian dituen gertakizun historikoak, 1913ko urtarrilaren 8an, Gernikako udalbatzak Isidoro de León alkateari “Juan Esperanza y J. Pedro Unceta” fabrika Eibartik Gernikara eramateko gestioak egiteko baimena eman zion egun hartan hasten dira. Ekainaren amaiera aldean, fabrika martxan zegoen Gernikan, baina irailean, Eibarko ‘txisperuek’ antolatutako grebak porrot egin zuenean, denak Eibarrera itzuli ziren. Bajak, Gernikako aprendizekin bete zituzten. Hala kontatzen digute José Angel Etxaniz eta Gorka Pérez de la Peña ikerlariek egindako lanean.
“Asier Errasti” Eibarko XIV. Laburmetraien jaialdia azaroaren 11tik 15era bitartean izango dugu Coliseo antzokian eta 16an egingo dute sari-banaketa, “Javier Aguirresarobe Saria”rena alegia.
“Indalezio Ojanguren” XXVI. Argazki lehiaketaren irabazleen erakusketak azaroaren 17ra arte izango ditu ateak zabalik. Aurtengoan, argazki-bilduma onenaren saria Jose Ramón San José argazkilari malagarrak jaso du. Asier Garagarza (Tolosa), Luis Irisarri (Irun), Jesús Pastor (Soria), eta Javier P. Fernández izan dira aurtengo “Indalecio Ojanguren” sarituak. Eibartarren artean edo herri mailakoen sarietan, Oscar Baglietto, Einer Rodriguez eta Juan Antonio Palaciosen lanak izan dira sariak jaso dituztenak. Iker Perez gaztea izan da argazkirik onena aurkeztu duena 16 urtetik azpikoetan.
Dokumentuaren akzioak