Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2013ko Euskal Jaia Eibarren (48. edizioa). Programa bete-betea eta herriko elkarte askoren laguntasuna

2013/05/22
Klub Deportiboaren, Kezka Dantza Taldearen eta herriko beste elkarte askoren eskutik datorkigu 48. edizioaren Euskal Jaia, aspaldiko giroa berreskuratzen

Eibar aldizkariaren azala 1965eko Euskal Jaiaren inguruan

Hala da: 48 urte igaro dira 1965ean, “Sociedad Cultural Arrate”ren magalean, “I. Fiesta Vasca Infantil” izenarekin egiten hasi zenetik. Egun bakar batekoa izan zen urte hartako dantzarien eta karrozen desfile ikusgarri hura, herri osoa liluratuta utzi zuena. Bigarrenak, 66koak, lau egun hartu zituen eta maiatzaren 19an hasi zen euskarazko diskoen eta liburuen azoka zabalduta; arratsaldean umeen ipuin sariketaren epaia eman eta sariak banatu ziren. Hilaren 22an eman zitzaion amaiera aurreko urtekoak izan zuen arrakastaren marka guztiak hautsita. 1967koa, maiatzaren 4tik 7ra izan zen; 6an Kulturalean egindako jaialdian Julian Lekuona, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi eta Zarauzko haurrak izan ziren.

Gaurko egunera bueltatuta, ekitaldi ugari ditu aurtengo edizioak, baina badu gauza azpimarragarri bat ere: aspaldiko partez, herriko 13 elkarte gastronomikok hartu dute parte Euskal Jaia antolatzen, maiatzaren 25eko afaria eta 26ko bazkaria prestatzen: Txirixo, Gazte gogor, Ipurua, Jaiki, Karramarroak, Legarre Gain, Umbe, Usobide, Zatixa, Ospelak, Bide Alde, Amaña eta Batuak. Aspaldiko kontuetara garamatza laguntza horrek: kanpotik etorritako dantzariak Eibarko etxe asko eta askotan eta herriko elkarteetan banatzen ziren sasoi hartara.

Ekitaldi nagusia maiatzaren azkenengo domekak dakargu: “Ezpalak” nazioarteko jaialdia, dantza tradizionalaren jaialdi ikusgarria. Aurten sorgin-datza eta bestelako ezpalak izango dira ikusgai eta gozagarri nagusi; 8 taldek hartuko dute parte: 4 Euskal Herrikoak, 1 Norvegiakoa, beste 1 Probentzakoa eta Kataluniako 2k.

Hile osoan zehar, Euskal Jaiak beste hainbat ikuskizun eta ekitaldi eder ere izan ditu eta izango ditu: palindromoen tailerra, kontzertua, umeendako jokoak eta jolasak Untzagan, Artisau eta Baserritarren azoka...

Dokumentuaren akzioak