A8 autobidearen Txontako Va, ingeniaritza-lanik handienetakoa eta “bakarra Europan”
"Atzo goizeko ipuinak", Jose Antonio Azpilikueta
Txontako ibarra gainditzeko, industria- eta bizitegi-eraikin ugariz betetako auzoa, 237 metroko luzera duen zubia eraiki zen, 500 metroko erradioko bihurgunearekin. Zutabe handi biak, hantxe bertan bata bestearen ondoan eraikiak, paraleloan, azpian biraketa-errotulak zeuzkatela, pixkanaka-pixkanaka banandu ziren 1972ko apirilaren 9an, ingeniaritza-sistema zail eta konplexu bat erabilita. Hala, goiko aldean bien artean 18 metroko distantzia utzi zen, eta, azkenean, V itxura hartu zuen.
Horixe izan zen, hain zuzen ere, Ginés Aparicio bide-ingeniariak proposatu zuen konponbidea (PDF), auzoaren dentsitateagatik, orografia zailagatik eta autobidearen kurbaduragatik ez zegoelako beste irtenbiderik, bide-zati zuzen batek eremu hartan ezinezkoak ziren lur-mugimendu ikaragarriak egin beharra eskatuko zukeen-eta.
Bilbo-Behobia autobidearen obra Europistas sozietateari adjudikatu zitzaion 1968ko martxoaren 14an. Sozietate horren bazkide ziren Ferrovial SA, John Laing Construction Limited eta Societé d’Entreprises CFE, banketxe biren eta bost aurrezki-kutxaren partaidetzarekin.
Sasoi hartan “Titanen obra” gisa kalifikatu zen A8aren Eibarko zatia egiteko, beste hainbat eraikinen artean, Maltzagako eskola eta hango beste hainbat eraikin, Iparragirre, Kaskarrengoa, Katalangua, Tutulu eta Urkigoena baserriak bota ziren, baita Txatxineñekuako etxeak ere; eta orduantxe desagertu ziren betiko Urkiko San Lorentzo ermitaren aurriak.
Dokumentuaren akzioak