Abenduaren 1ean jarriko da udaletxeko patioan parrokiako erloju zahar zaharberritua
Ego Ibarra Batzordeak 2020an erlojua berreskuratzea erabaki zuen, eta Hirigintzari eskatu zion 2021eko aurrekontuan partida bat ezartzeko, lehengoratze-lan horren gastuei aurre egiteko. Relojería Industrial Nervión enpresa izan zen lanaren adjudikazioduna, eskaintzarik merkeena egiteaz gain, erlojua —burdinurtuzkoa, letoizko danborrekin, orduak puntuan eta ordu-laurdenetan emateko egina, ordu osoak errepikatuz— Zubillaga erlojugileak egin zuen bezala utziko zuela agindu zuelako.
Erlojua urdina da, bere jatorrizko kolorea, zaharberritze-enpresak, elementu osoa garbitu aurretik, barletean zuen kolorea aztertu baitzuen, tresna hori izan baita pintura-aztarnak gorde dituen zati bakarra kolorea nolakoa zen jakiteko. Adituek diotenez, sasoi hartan horrelako erloju handiak beltzak, gorriak, urdinak edo grisak izaten ziren.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak dirulaguntza eman du zaharberritze-lan horretarako, elementuaren ezaugarriengatik, duen balio historikoarengatik eta ondare gisa duen garrantziagatik.
XX. mendearen lehen erdiko ordurik latzenak markatu zituen erlojua behin-behinean jarriko da udaletxeko patioan abenduaren 1ean, Juan Manuel Martínez forjari eibartarrak diseinatutako euskarri-mahai berezi baten gainean, harik eta behin betiko kokalekura eraman arte.
Dokumentuaren akzioak