Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Agustí Centelles argazkilariaren erakusketa Eibarren, maiatzaren 5etik 28ra

2017/05/05
“Memòries d’un fotográf” Agusti Centelles argazkilari handiaren lana, Errepublika, gerra zibila eta exilioa iruditan batzen dituen erakusketa ederra, Eibarren izango dugu. Eibarko bonbardaketaren 80. urteurrenean, Eibarko Klub Deportiboko Argazkilaritza taldeak XX. mendeko lekuko onenenetarikoaren erakusketa dakargu: Agusti Centelles Osso (1909-1985) argazkilariaren erakusketa.

Agusti Centelles Osso argazkilariaren erretratua (1905-1985). Argazkilaria: Agustí Marceli Saenz.

Centelles Valentzian jaio zen 1909an, eta hurrengo urtean, Bartzelonara bizitzera joatea erabaki zuen haren familiak. 15 urterekin, Ramon Bañosen tailerrean hasi zen ikasten, eta bertan ikasi zituen zinematografiako teknikak. Kataluniako Argazkilaritza Elkartean sartu ondoren, trebatzen jarraitu zuen, Dia Gráfiko egunkarian lanean eta Josep Bados eta Santiago Carrerasen Foto art estudioan; haiekin egon zen 1932 arte. Garai horretan  bereganatu zuen erretratuak egiteko teknika. Haren argazkiak hainbat agerkaritan plazaratu ziren: Diario de Barcelona, La Rambla, L`Opìnió eta La Vanguardia.

1933an, esfortzu handia eginda, Leica kamera bat erosi zuen eta mundu guztian ezagun egin ziren lehen erreportajeak egin zituen Bartzelonan. Lan haietan garaiko tradiziotik aldendu zen -irudi estatikoa, geldoa- eta une hartako errealitatea islatzea lortu zuen. Argazkiekin kontatzeko zuen estilo berria azkar zabaldu zen besteen begietara: 1934ko iraultza-gertakarien irudiak eta 1936ko matxinada. Ordura arte, erretratuak argazki lauak ziren, erlieberik gabeak, argazki-kamerak plakadunak zirelako, magnesioa erabiltzen zutelako eta irudi estetikoak lortzeko estiloa jorratzen zelako. Centelles-ek, aldiz, adierazkortasuna bilatzen zuen.

Berari eskerrak ditugu 1936ko uztailaren 19an Bartzelonan izan zen matxinadaren irudiak: une erabakigarri haren argazkiak egitera kalera atera zen berriemaile bakarra izan zen. Uztail hartako argazkiak The Illustrated London News-en argitaratu ziren eta, apur bat beranduago, Pariseko Illustracion-en.

1937an, Aragoiko frontera bidali zuten, baita Ekialdeko Armadaren Argazkilaritza Zerbitzura gero, Lleidan. Bertan, Pere Catalá Rocarekin topatu zen. Urte hartakoa da “Visions de guerra y retaguardia”. Argazki horiek ia egunkari guztietan plazaratu ziren.

Gerra amaitu zenean, Frantziara ihes egitea lortu zuen, Espainian zegoen nazioarteko kazetari karnet bakarra hark zuelako eta hartaz baliatu zelako, baita Kataluniako Armadaren funtsen zati bat zuelako eta bere kolekzio pribatua oso baliotsua zelako ere. Frankoren tropek haren etxean geratu ziren negatiboak konfiskatu zituen, eta ondoren, Salamancako Artxibora eraman zituzten. Frantzian, mugatik gertu zeuden hainbat iheslarien esparruetan sartu zuten, eta ibilbide hartan dokumentu berdingabea sortu zuen: kontzentrazio-esparru bateko errealitatea, barrutik kontatuta.

Lana lortu zuen gero, Carcassoneko argazki-estudio batean, eta han jarri zen harremanetan Erresistentziarekin; haiekin lanean aritu zen. 1944an Gestapok topatu egin zuen, eta Espainiara itzuli zen. Orduan ere, negatiboen atal bat baino ez zuen eraman, eta gainerakoa Carcassoneko familia batek gorde zuen. 1946an, Francoren autoritateen aurrera joan zen: errepublikazale militantea izateagatik epaitu eta depuratu egin zuten. Gero, baldintzapeko askatasunean, industria-argazkilaritza eta publizitateko argazkiak egin zituen.
1976an, Frantzian utzitako argazkiak eta negatiboak berreskuratu zituen, eta 1977tik aurrera, bere artxiboa antolatzeari ekin zion, Premiá de Maren, bere etxean. 1978an Prentsa Elkarteak karneta itzuli zion eta 1984an Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen.

Iturria: Klub Deportiboko Argazki Taldea.

Dokumentuaren akzioak