Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Alejandro Telleria “Alkate Txikixa” (1876-1939) omentzeko ekitaldia irailaren 24an, Coliseoan, arratsaldeko 18:00etan.

2020/09/17
Udalbatza berezia egingo da haren familia, herriko entitate garrantzizkoenak eta herriko alkate izandakoak aurrean direla. Pandemia dela-eta, Udalak aforoa murriztu egin behar izan du.

Alejandro Telleria “Alkate Txikixa”, Unamuno, Indalecio Prieto eta Queipo de Llano Eibarri Hiri Guztiz Eredugarria titulua eman zioten egunean. Argazkia: Indalecio Ojanguren. Eibarko Udal Artxiboa.

Alejandro Telleria Estala Eibarren jaio zen Pagaegi izeneko etxean, 1876ko irailaren 24an. Gurasoak, Manuel Telleria eta Rosa Estala soraluzetarrak, Eibarren finkatu ziren eta bost seme-alaba izan zituzten; Alejandro zen nagusiena.

Gaztetatik murgildu zen gizarte hobeago baten aldeko jardunean; justizia eta jendearen ongizatea zituen amets. Ofizioz grabatzailea,  lan-mundua eta beharginak zituen beti gogoan. 1920ko apirilaren 1eko udal hauteskundeetan hautatu zuten alkate aurreneko aldiz eta 1921eko azaroaren 11n kargugabetu, sozialista gazteek ateratako orri solte batek Ejertzitoa iraintzen zuela eta bere lurralde-esparruko argitalpenak ez kontrolatzeagatik.

1931ko apirilaren 12ko hauteskundeetan ere garaile atera zen eta handik egun bira Errepublika aldarrikatu zen Eibarren. Asko izan ziren Eibarren hura alkate zela egin ziren obrak. 1934ko Urriko Iraultzan, alkatea beste 238 eibartarrekin batera espetxeratu zuten Iruñako gartzelan, eta bigarren aldiz kargugabetu zuten. 1936an, Frente Popularrak irabazi eta amnistiatu zutenean, Alkatetzara itzuli zen eta ederki asko bete zituen bere zereginak gerra bete-betean, harik eta 1938ko urrian, Simon bere anaiarekin ihes egitera zihoala, frankistek harrapatu eta Burgoseko espetxera eraman zuten arte. 1939ko urtarrilaren 21n Valdenocedako konzentrazio-esparrura bidali zuten; handik, oso gaixorik zegoelako, Burgoseko ospitalera. 1939ko urriaren 24an hil zen eta Burgosko San José hilerrian lurperatu zuten.

Hilaren 24ko ekitaldiak aforo murriztua izango du, eta gonbidapenez bakarrik sartu ahal izango da.

Dokumentuaren akzioak