Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Armeria Eskolak bere historia osoa bildu du Mendeurrena-Centenario 1912-2012 izenburuko liburuan

2013/03/13
Martxoaren 16an aurkeztuko da Eskolan bertan, Ikasle Ohien batzarrean. Liburuak 270 orrialde eta 500 argazkitik gora ditu eta Armeria Eskolaren ehun urteak jasotzen ditu osorik.

Armeria Eskolako ikasleak joan zen mendean ateratako argazki batean

Fernando Sagastigutxia eta Iñaki Alberdi izan dira dokumentu eta argazki guztiak sakon eta zehatz batu dituztenak; Rafa Zubia kazetaria da testuak idatzi dituena.

Liburuak iragana eta oraina batzen ditu eta etorkizunerako bideari ekiten dio bere orrialdeetan eta, Fermín Calbetóni “Eskuadra Zahar”rekoek Eskola eta Arma Museoa egiteko laguntza eskatu ziotenetik ehun urte baino gehiago bete badira ere, oraindik Armeria Eskolaren izena eta izana dario Eibarri. Eskolaren historia zeharo lotuta dago herriaren historiarekin eta herriko produkzioarekin; jaio zenetik hango ikasleak izan dira Eibarko tailerdun gehienak, gure herriko behargin kualifikatuenak. Eskola izan da horien denen hazitoki edo mintegi.

Hori dena eta gehiago islatzen da orrialdeetan XX. mende hasietatik 2012. urtera heldu arte Eskola bisitatu duten pertsonaiak asko izan direla jasota uzten duen bezala. Hor ditugu Ortega y Gasset filosofoa (1927an etorria), Patricio Echeverría enpresa-gizona (1947), Eduardo Chillida eskultorea (1978), Etxenike fisikoa (2001) eta beste hainbat eta hainbat eragile eta jakintsu. Armeria Eskola ezagutzera Eibarrera etorri diren gobernu-buruak, ministroak eta agintariak ere ez dira gutxi izan. Eta nola ez, hango zuzendari, ikasle edo irakasle guztiak ahazteke, horiek ere hor baitaude.

Hala ere, liburuaren aurkibideak berak ematen dizkigu edukiari buruzko zertzelada nagusienak:

  • 1. Ikastetxea atzo. Iragan bikaina. Eskolaren historia 1912-2012. Bisita ospetsuak. Mendeurrena.
  • 2. Ikastetxea gaur egun. Hezkuntza-zentro bizia. Ikastetxea.
  • 3. Ikastetxea bihar. Etorkizuneko proiektua. Energiaren hezkuntza-zentro integratua sortzeko ekimena. Ikasleen Guraso Elkartea. Ikasle Ohien Elkartea.

 

Eibarko herriaren historiaren zatirik handiena dago bertan jasota eta orrialdeotan barrena Eskolaren historian izan diren eta diren guztiak agertzen dira.

Liburua herrian bertan salduko da 30 euroan.

Dokumentuaren akzioak