Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Arragueta kaleko Beistegui Hnos (BH) eraikinean jarriko da urriaren 2an 2023ko Docomomo plaka eraikinaren ondare-balioa nabarmentzeko

2023/09/28
Eraikina 1951n eraiki zen eta Eibarren arrasto handia utzi zuen Ramon Martiarena Lascurain arkitektoak proiektatu zuen.

Eraikinaren argazkia. Argazkia: David García.

Arkitekturaren Nazioarteko Eguna dela eta, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko Gipuzkoako ordezkaritzak eta DOCOMOMO Ibérico Fundazioak plaka jarriko dute Eibarko Beistegui Hermanos (BH) eraikinean (gerora, Leonardo Azpiri). Edifizioa Ramon Martiarena Lascurain arkitekto zumaiarrak egin zuen eta 1951ko eraikin hau Mugimendu Modernoaren arkitekturaren erakusgarri handienetakoa da.

Beistegui Hermanos enpresa Domingo, Juan eta Cosme anaiek sortu zuten, 1910ean. Hasieran arma motzak egiten zituzten. 1926an lehen tailerra eraiki zuten Urkizu eta Bittor Sarasketaren arteko izkinan (gaur egun ere Beisteginekoa izenez ezagutzen dena), eta eraikina hazten eta hazten joan zen 7.500 m2-ko azalera izatera iritsi arte. Armak egiten hasi baziren ere, Lehen Mundu Gerraren ostean bizikletak ekoizteari ekin zioten.

Beistegui Hermanos enpresaren bigarren fabrika hau 1951n eraiki zen eta 1959an enpresa Gasteizera eraman zutenean eraikina Leonardo Azpiri enpresaren eskuetara pasatu zen. 2002 eta 2003 urtean etxebizitzak egin ziren bertan.

Ramon Martiarena Lascurain Zumaian jaio zen 1898ko urriaren 28an. 1927-1942 artean Soriako udal arkitektoa izan zen. Ondoren, Luis Alustizarekin batera Obra Sindical del Hogarren (OSH) aholkulari izan zen eta bien artean babes ofizialeko etxe ugari diseinatu eta eraiki zituzten Eibarren. Regiones Devastadaseko Gipuzkoako Bulegoarekin aritu zen lanean eta 1946tik aurrera enkargu pribatuei ere erantzun zien. Donostian hil zen 1966ko urtarrilaren 6an.

Eibarren arrasto handia utzi zuen; batzuk aipatzearren, hona hemen Martiarenak gure herrirako diseinatu eta eraikitako tailer, eraikin eta etxebizitza batzuk: Alfako fundizioa (1950), Raimundo Alberdirekin batera egina; Cadenas Iris enpresaren hasierako lantegia, Barrena 25 (1955);  Pampo, Arane 15 (1957/1958); Carlos Larrañaga etxe-multzoa (1949);  Azitaingo gasolindegia, Barrena 19 (1951);  Izagirre eta Lekuona medikuen klinika pribatua, Pagaegi kalean (1955); Etxe sindikala, Untzaga plazan (1957).  

Urriaren 2ko ekitaldia 16:30ean hasiko da, eraikinean bertan, eta besteak beste, Juana Otxoa-Errarte Arkitektoen Elkargoko Gipuzkoako buruak, Joseba Aranzabal arkitektoak, Andoni Zabala udal zinegotziak eta herritarrek hartuko dute hitza. Amaitzeko, Kezka Dantza Taldearen soka-dantzaren ondoren, plaka jarriko dute 17:40an. Mugimendu Modernoaren arkitekturaren eta hirigintzaren ondare historikoa dokumentatzeko, baloratzeko, zabaltzeko eta kontserbatzeko Nazioarteko Fundazioaren siglei dagokie Docomomo, eta plakek eraikinaren ondare-balioa egiaztatzen dute nazioartean.

Dokumentuaren akzioak