Arrate egunaren hurrengo domekako Kofradia egunaren jatorria
Kofradixa Eguneko prozesioa, 2019. Argazkia: Eta kitto.
Arrateko Ama Sortzez Garbiaren Kofradia XVI. mendean sortu zen, baina, agian, XV. mendekoa izan liteke. Hala ere, ez da gorde Kofradiaren tituluari buruzko dokumenturik, ez eta sortu zeneko datari buruzkorik ere, ematen duenez, agiri horiek 1794ko sutean erre ziren-eta. Hala ere, Pio IV.a Aita Santuak 1563ko martxoaren 11n emandako Brebe batek baimena ematen zuen, Arrateko kofradiak eskatuta, abenduaren 8an ospatzen zen festa irailaren 8ra aurreratzeko, irailean ez zelako izaten ez elurrik, ez hotzik. Eta, aldi berean, Arrateko “Kofradixa Eguna” hurrengo igandean egiteko tradizioa Aita Santuaren dokumentu horretan oinarritzen da.
Eugenio Urroz historialariak, Historial y Novena de la Concepción Purísima de la Madre de Dios de Arrate (1929) lanean dio, Kofradiaren fundazioari buruz ari dela, Arrateko ermandadea 1563 baino lehen existitu zela.
Kofradia 1923an berrantolatzeari dagokionez, Eugenio Urroz (1883-1937) Eibarko parroko edo erretore (1921-1936) eta Historia Akademiako kide ospetsua izan zenak honako hau dio: “Después del grandioso y entusiasta recibimiento que en 1922 dispensó la Villa en sus calles a la Virgen de Arrate, se reorganizó de nuevo la antigua Cofradía, adaptada al modo de ser de nuestros días, y previo decreto de 22 de noviembre de 1923 de aprobación de las nuevas Ordenanzas generales, se ha aunado a las Asociaciones, de orden piadoso o finalidad benéfica, de la parroquia y bajo la invocación genérica de la Madre de Dios de Arrate se han encomendado a la protección de la Patrona de Eibar.”
Era berean, egiaztatu behar da Kofradiak lotura estua zuela Arrateko Kontzezioko Ospitalearen sorrerarekin, eta Eugenio Urrozek bere lanean nabarmentzen duenez, “tiene el honor de guardar las ordenanzas del Hospital, incorporado bajo un mismo nombre y finalidad con la Cofradía de Arrate”. Urrozen arabera, ospitalea 1508. urtea baino lehen ere bazegoen, eta pobreei, Santiagoko erromesei, pasadizokoei, igarobideko apaiz pobreei, eskaleei eta predikatzaileei laguntzea ematea zuen helburu, eta ondasunak zituen bere egitekoari eusteko, eta eraikina kontserbatzeko eta mantentzeko. 1600eko irailaren 22an onartu ziren San Andres parrokiaren eta Mallea-Godoi etxearen artean kokatutako Eibarko ospitalearen ordenantzak.
Dokumentuaren akzioak