Bisita birtuala: Sagartegieta, Untzueta Jauregia eta Rocandio, hiru eraikin ikusteko aukera
Industrias Rocandio
Untzueta jauregia, edo Jauregixa Eibarko euskaran, estilo barrokoko eta jauregi-jatorriko eraikina dugu, XVII. mendekoa, eta, gaur egun, La Salle ikastetxearen egoitza. Ondasun kalifikatua (1964-02-29ko BOE), A mailako babes bereziko erregimenarekin, ez da jatorrizko Erdi Aroko orubearen izena, hura Azitain baitzen. 1492an, Eibarko kontzejuaren txosten batean, Azitaintorre etxea edo Azitain etxea datoz aipatuak, ez Unzueta.
Gaur egungo eraikin barrokoa XVII. mendean jaso zen, Sebastian Jaureguik eta bere emazte Angela Maria de Unzueta Mondragónek Azitaingo Erdi Aroko dorretxe zaharra zegoen leku berean oraingo hau eraiki zutenean. 1964ko urtarrilaren 17an, interes kulturaleko eraikintzat izendatu zen.
Untzuetatarren leinua, Azitaingo orubearen leinua, oñaztarren bandokoa zen; jauntxoen gisa eratua, orubearen lursailetan jasotako hainbat baserriren bizi guztiko zerga jasotzen zuen, baserri guzti horiek Kiñarraga ingurukoak izanik. Antzinako denboretan, Santiagora zihoazen erromesen pasabide ohikoa, Untzuetatik edo “Jauregittik” Arrateko santutegira igotzen ziren, eta handik, Markinatik, Zenarruzarako bidea hartzen zuten.
Eibarko La Salle ikastetxea Untzueta Jauregian kokatu eta 1958ko azaroaren 30ean inauguratu zen; eta harrez geroztik “Azitaingo Andre Maria La Salle” izena darama, Azitaingo parrokian Ama Birjinaren oso antzinako irudia dagoelako eta ordenaren sortzaile den San Joan Bataiatzailearen omenez.
Sagartegieta jauregia (Saartei edo Sarteitta, Eibarko euskaran) estilo barrokoko eraikin zibila, jabetza pribatukoa, XVIII. mendean eraikia. Eraikina aurri egoeran dago eta kalifikatuta dago (1980-11-29ko EAO). Eibarko Maltzaga auzoko muino batean kokatua dago, aurretik zegoen baserri baten gainean 1655. urtean eraikia eta XVIII. mendean berritua. Estilo barroko eta neoklasikoa du. XX. mendearen bukaeratik aurrera hustuta geratu zen eta gaur egun aurri-egoeran dago.
Jauregiko bizilagunak, lehenengo sagartegietarrak eta gero sustaetarrak, beti izan ziren nagusi inguru hartan, historian zehar funtsezko komunikazio-gune izan zen lekuan. Azken gerra karlistaren ondoren, Sagartegieta-Sustaeta familia errepide nagusiaren ondoan zegoen Maltzagako beren jabetzako bentara joan ziren bizi izatera, eta beste familia bati alokatu zioten jauregia, XX. mendearen bukaera arte bertan bizi izan zena.
Eraikina leku estrategiko batean dago, eta han elkartzen dira oraindik ere Gipuzkoako bide nagusiak (kostaldea eta barrualdea lotzen dituenak), Bizkaitik datozenak eta, Deba ibaiari jarraituz, Arabara eta Gaztelara doazenak. Bide horretan, Sagartegieta leku garrantzitsua zen, eta iraganean, Santiagoko erromesek hartzen zuten ostatu; handik Eguigurenera (Eguren) eta gero Untzueta jauregira joaten ziren, gero Arrateko santutegira igo eta, Markinatik, Zenarruzara joateko.
Jauregira iristeko, Maltzaga igaro ondoren, 300 metrora, ezkerretik desbideratu eta bertara igotzen den bidezidorra hartu behar da.
Armarrian honako inskripzio hau ageri da: “SOY SAGARTEGVIETA”; eta balkoiaren goiko aldean: “VINCULADA EN 13 DE MAIO DE 1655”.
Txontako Industrias Rocandio SL XX. mendearen lehen erdiko industria-eraikina da, eta gaur egun kontserbazio-egoera txarrean badago ere, herriaren industria-jarduera eta historia ederki asko islatzen dituen tailerra da. Gaur egun botatzekotan dago inguru hartako hirigintza-esparru osoa berroneratzeko xedez. Txontan dagoen solairu bakarreko eraikina dugu Rocandio. 1942an, Felix eta Juana Garatek eraikin bat eraikitzea eskatu zuten, oinplano angeluzuzenekoa, mekanikako tailer bat jartzeko. Raimundo Alberdi arkitektoak egin zuen eta handik urte batzuetara Industrias Rocandio tailerra jarri zen leku berean, Eugenio Rocandio Calvok sortutako enpresa, hara joan aurretik, fabrika eta bulego nagusia Arrate “pasialekuan” zuena, Urkizu aldean. 1953an, Eugenio Rocandio Jaureguik baimena eskatu zuen Txontako industria-eraikin horren atzealdean transformadore bat jartzeko, bere industria argindarrez hornitzeko. Rocandiok bere izenean erregistratutako patenteak eta hainbat marka zituen, eta flejeak, etiketagailuak, grapak, altzairuzko prezintoak, burdindegiko artikuluak eta beste hainbat gauza fabrikatzen zituen.
Gerraostean Txontako goialdean eraikitako lehen industria-eraikina izan zen, eta gaur egun albo batean ezkutatuta badago ere, sarrerako ate nagusia metro askotara ikus zitekeen. Inguru hartako eraikin zaharrenetako bat denez, badu nolabaiteko balio historikoa.
Tailerraren historian zehar Rocandiorenekoan lan egin duten behargin askoren artean, Gabriel Aresti poeta ere badugu, 1966an tailer honetako administrazioburu gisa jardun zuen hilabete batzuetan; orduan 18 langile zituen lantegiak. Adituek diotenez, Eibarren biharrean egote horrek eragina izan zuen Arestirengan, eta Euskal Harria poema-bilduman sumatzen omen da gure herriaren arrastoa.
Dokumentuaren akzioak