Carlos Narbaiza fondoa
Carlos Narbaiza (Durango, 1927 – Eibar, 1997).
Carlos Narbaiza Durangon jaio zen 1927ko azaroaren 4an. Gerra sasoian, oraindik ume zela, Frantziara eraman zuten beste hainbat umerekin batera. Bueltatu eta 13 urterekin hasi zen lanean; langile fina eta beti ikasteko prest zegoen gizona. Tornulari ona, 50. hamarkadan bere kontura hasi zen lanean eta Eibarren, Muzategi kalean, tailer txiki bat jarri zuen, denborarekin NAI izena hartuko zuena. Mila gauza egin zituzten tailer hartan: patinak, monopatinak, autoendako piezak… Muzategitik Errekatxura aldatu zuen tailerra; handik Legarrera eta, azkenik, Ibur Errekara. Horixe izan zen Carlosen tailerraren ibilbidea, Eibarko beste tailardun txiki askorena: lanordu asko eta denporapasa gutxi.
Erretiroa hartu zuenean, 1987. urtean Eibarko tailerretan egindako piezak biltzen hasi zen Eustakio bere anaiaren laguntza paregabearekin. Afizioz eta bere gogoz hasitako lan eder hark, ezustekoren bat eta nahigaberen bat edo beste ere ekarri zion: hil zen egunera arte (1997) jardun zuen pieza bila; 2000 piezatik gora osatzen dute haren Fondoa, pieza handiak eta txikiak (goldeak, antzinako labadorak, aulki bereziak, giltzak, bizikletak, amuak, damaskinatuak, konpresoreak, laratzak, guraizeak…). Baina hori bai: denak Eibarren egindakoak.
XX. mendeko Eibarko 100 enpresa baino gehiago dira Narbaizak egindako lan ikusgarrian islatuta daudenak: Super-Ego, Abelux, Alfa, Laster, GAC, Lomiño, El Casco, ABC… Pieza horiek udal lokaletan egon dira eta daude gordeta, eta Carlos Narbaiza bizi zela eta hark emandako informazioari esker, Ego Ibarra batzordeak inbentario edo sailkapen txiki bat egin zuen bere sasoian.
1996. urtean, Eibarko herriaren 650 urteurrean egindako erakusketan, Portaleko Erakusketa Aretoaren goiko aldea Karlos Narbaizak egindako bildumaren zati txiki bat egon zen ikusgai.
Eibar zorretan dago Carlos Narbaizarekin: herriko historia industrialaren zati handi baten testigantza utzi digu, gure herria zer izan den eta zer den sekula ez ahazteko.
Ikusi Fondoaren argazki batzuk (Argazkiak: Narbaiza familia).
Dokumentuaren akzioak