Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ego Ibarra 2014: Eibarko industria-eraikinen ikerketa sakonaren lehenengo urratsa Mikel Aparicio arkitektoaren eskutik

2014/03/19
Mikel Aparicio arkitekto eibartarrak Ego Ibarra batzordean egin duen aurkezpenean ederto islatu zituen bere lanaren hiru ardatz nagusiak...

Mendiguren y Zarraua, Arragueta kalean, parean du baita "Untzeta" edo "Arikitxanekua" edifizio zaharberritua. Argazkia: Iñigo Artamendi Ortiz de Zárate.

Eibarko industria-eraikinen datu-base zehatz bat sortzea, Eibarko industria-ondarea sakon aztertzea eta, azkenik, etorkizunari begira har daitezkeen hirigintza-erabakietarako bideak finkatzea. Eta hain zuzen ere, horiek dira bere doktoretza-tesiaren oinarriak.

Aurtengo ekitaldian ondoko lan hauek egingo ditu: industria-eraikin guztiei buruzko datuak batu; herriko industria-ondarearen eraikin esanguratsuenak identifikatu; eraikin horiek sailkatu; industria-eraikinak oinarritzat hartuta Eibarko hiri-bilakabidea ikertu; argazki-artxiboak arakatu; Udal Artxiboko datuak eta Hirigintza sailekoak jaso; arkitektoen artxibo pertsonalak aztertu; eraikinak bisitatu eta aztertu (jabeen baimenarekin, noski); tailerretan beharra egin duen jendea elkarrizketatu; katastroa eta Jabetza Erregistroa, ortofotoak etabar kontsultatu eta aztertu.

Aparicioren hitzetan "Eibarko ondare industriala zeharo ahaztuta dago eta etorkizuna ere ez dago argi. Eraikin hauek herriaren izaerarekin bereizezinak izan, gaur egun ez dago tailer bat bera ere babestutako eraikinen artean." (Aldiri, 2013.III; 15) Lan honek Ego Ibarra batzordearen helburuetako batekin bat egiten du: dagoena ondo ikertu eta jorratu etorkizunean oinarri sendoak izateko.

Dokumentuaren akzioak