Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ego-ibarrak "La Guerra Civil española. 20 meses prisionero" oroitzapen liburu argitaragabea kaleratuko du urte amaieran

2015/05/28
Santiago Arizmendiarrieta esperantista eibartarrak 1936ko uztailaren 18tik 1939ko maiatzaren 14ra arte bizi izan zituenak kontatzen ditu bere egunkarian.

“Gernika”ri eskainitako bertsoak, Toribio Etxebarriarenak; Santi Arizmendiarrietaren Fondoan daude.

Esperantistaren alaba Olga Arizmendiarrietak eman zion fondoa Eibarko Udalari, iaz, eta Santiagok eta Toribio Etxebarriak elkarri idatzitako gutunak daude bertan. Lan sakona egin da fondoa sailkatzeko eta aztertzeko.

Eibarko Udalaren Ego-Ibarra batzordeak urte amaieran La Guerra Civil Española. 20 meses prisionero liburua argitaratzeko asmoa du. Santiago Arizmendiarrietaren izen bereko egunkaria da.

Idazlan horretan, Arizmendiarrieta eibartarrak 1936ko uztailaren 18tik 1939ko maiatzaren 14ra berak bizitakoak kontatzen ditu, nobeletako estilo bizi batean eta ironia eta umore ukituekin kontatu ere. Arizmendiarrietak, 140 orrialde baino gehiagoan, zehatz-mehatz ematen du garai horretako bere bizipenen berri, eta, batez ere, preso egondako urte eta erdiaren berri: Batallones de Trabajadores delakoan eta San Pedro de Cardeñan frankistek zuten kontzentrazio esparruan eduki zuten preso.

Egunkari hori eibartarraren alaba Olga Arizmendiarrietak Eibarko Udalari iaz maiatzean emandako idazlan argitaragabeetako bat da. Udalari emandako dokumentazio horretan, gainera, 263 gutun daude, Santiagok eta bere maisu eta lagun Toribio Etxebarriak elkarri idatzitakoak, eta haietako asko Interneten argitaratuko dira.

Ane Izarra dokumentalistak lan sakona egin du dokumentazioa aztertzeko eta sailkatzeko. Gainera, esperantoz idatzitako gutunak itzuli egin dira. Izan ere, idazleak ondo baino hobeto zekien hizkuntza hori, eta esperanto irakaslea ere izan zen.

Horrez gainera, Ane Izarra artikulu bat prestatzen ari da Santiago Arizmendiarretak eta Toribio Etxebarriak elkarri idatzitako gutunen gainean, eta hori ere argitalpenean txertatuko da. Euskaraz idatzitako zatiei buruzko azterketa ere sartuko da liburuan. Azterketa hori Antton Narbaiza Eibarko euskarako aditua egiten ari da.

Azterlana osatzeko, Ego-Ibarra lanean dabil Arizmendiarrieta esperantistak egunkarian kontatzen duena ahalik eta modu leialenean kokatzeko bere testuinguru historikoan; izan ere, frankisten kontzentrazio esparru batean egondako eibartar bakanetako bat da.

La Guerra Civil Española. 20 meses prisionero bi formatutan argitaratuko da. Batetik, 500 ale kaleratuko dira paperean, eta, bestetik, Interneten jarriko da, irakurleen eskura. Formatu digitalak interakziorako aukera gehiago ematen dituenez, liburua gailu digital eta elektroniko guztietara egokituko da, eta hainbat gutun txertatuko dira, eduki osoago bat eskaintzeko asmoz.

Dokumentuaren akzioak