Egoibarra 2015. Aurrera doa "Mis memorias. La guerra civil española: 20 meses prisionero" liburuaren edizio-lana.
Santiago Arizmendiarrietak Toribio Etxeberriari bidalitako karta baten 2. orrialdea (1965.07.18)
Javier Rodrigoren “Oroimenaren geruzak” sarrerako artikulua, Antxon Narbaizaren “Euskara Arizmendiarrietaren paperetan” eta Ane Izarraren “Santiago Arizmendiarrieta-Toribio Etxebarria: gutunak” dira atariko horretan aurkituko digutun lanak.
Historialariak, Javier Rodrigok, hauxe dio: “Hitzaurre honetako Santiago Arizmendiarrietaren historia, haren historia baino gehiago, haren oroimenaren historia da. Hau da, haren bizipenen kontakizuna da, baina haren nortasunaren, oroimenaren eta ahaztutako kontuen galbahetik pasatu ostean ikusitako eta berridatzitako bizipenena. Eta, oroitzapen-liburu guztiek bezala, argiak eta itzalak ditu, lehen planoak ditu, amerikar planoak ditu, ikuspegi panoramikoak ditu (zeinek subjektuak lausotu ohi dituzten), fokua behar bezala jarri gabeko zatiak ditu eta, jakina, planotik kanpo geratzen den guztia. Begi-bistako kontua dela emango du beharbada, baina oroitzapen-liburuak ez dira denboraren poderioz aldatuz doazen iragazkien bitartez berrikusten den iraganaren emaitza baino. Ez da, beraz, hainbeste gertatu zenari buruzko kontakizuna, ezpada idazten ari den garaiko emaitza; une baten eta beste baten artean igarotako denborako emaitza; oroitzapenak zehaztea, beste kontu batzuk ahaztea eta berrikuspenak egitea dakarren denborako emaitza. Eta ez dihardu nolanahiko iraganari buruz: gerra, zapalkuntza eta bortxazko iragana, den bezalakoa izanda, analisien bitartez baino, balorazioen bitartez berreraiki ohi da gehiago. Hortik atera ohi den kontakizuna, ondorioz, hasiera-hasieratik nortasunaren, oroitzapenen eta ahanzturaren tinduak estaliz joan diren iragan batera egindako begiratu bat dira”.
Euskararen alorrean Santi Arizmendiarrietaren testua eta gutunak aztertu ondoren, Antxon Narbaizak hauxe diosku: “Santiren baitan, Toribio Etxebarria bere maisuaren oihartzunak jasotzen dira euskararen alorrean ere. Haren lana goraipatzean ez zuen Santik bere Venezuelako lagun-minak euskararen alde bereziki egin zuen lana ahanzten: (…) “aquél eibarrés que tanto hizo por las letras del vascuence”. Euskara oso barrukoa zuen Arizmendiarrietak, hark herria, familia, eskualdea, belaunaldiz belaunaldi jarauntsitakoa lotzen zuen, alegia; bestalde, euskarak haurtzaroa eta iragana adierazten dio: bizitzaren lehen zantzuekin, bizitako esperientziekin du harreman: norbere mendi, erreka eta bide zidorrak ditu gogoan, hau da, euskararen baitan bere locus amoenus berezia du Santik: aberri txikiaren hizkuntza. Baina euskara zuhaitzaren sustraietatik gora datorren izerdia bada ere, enborrera iristean gelditu egiten da. Handik gorantz beste kontu bat hasten baita. Metaforarekin jarraituz, denok ederresten dugun arren, deus gutxi litzateke zuhaitzaren gerri eder horretan geldituko litzatekeen indarra, izerdi hori: euskara; tamalez, hiztuna arbolaren osotasunean bere adar sendo-joriak begiesteko gaztelaniaren beharrean legoke! Horra euskal hiztunaren patua. Izan ere, Toribiok gaztelaniaz egiten zuen harako bereizketatik hurbil, beraientzat, kontziente edo inkontzienteki, euskara, gure aberriko antzinako hizkuntza genuke, gaztelania, ostera, aberri-espainiera.”
Eta Ane Izarra eibartarrak, Olga Arizmendiarrietak egindako dohaintzaren funts osoa sailkatu eta katalogatu duenak, hauxe dio: “Dokumentuen sailkapena antolatzeko orduan, funts honek, biltzen zituen dokumentu-unitate guztien artean (liburuak, artikuluak, bertsoak, etab.), gutun kopuru handia batzen zela jabetu ginen, guztira 263. Eskutitz horietatik gehienak Santiagok eta bere lagun Toribio Etxeberriak partekatutakoak dira, orri txikietan (orri laurdenetan) makinaz idatzitakoak eta bakarren bat eskuz idatzitakoa (eskuizkribua). Horietako 47 gainera esperantoz idatzita daude, 1887an Lazaro Zamenhofek sortutako hizkuntza internazionalean, eta idatzi horietan “Hizkuntza unibertsalean” esaten dena euskarara itzultzeko Aitor Arana itzultzailearen zerbitzuak kontratatu ziren. Eibarko garaiko bizimoduari buruzko xehetasun ugari jasotzen dira gutun guzti horietan, herrian gertatzen ari ziren eraldaketei buruzkoak, bertako biztanleei buruzko kontakizunak eta baita udaleko denda, taberna eta lantegiei buruzkoak ere.
17 urtez, elkarri eskutitzak bidali zizkioten, 1951ako maiatzaren 16tik, 1968ko apirilaren 18an, Toribio zendu zen arte. Gutun asko, orri asko, Eibartik Brighton (1958), Londres (1958-1960) eta Caracasera (1951-1968) bidalitakoak eta itsasoaz bestaldetik hemen jasotakoak. Urte haietan etenik gabe mantendu zuten ezkutitz bidezko harremana, horrenbestekoa zen eta bien arteko laguntasuna eta miresmena.”
Dokumentuaren akzioak