Eibar 1960-1980: gozo eta mikatz dokumentala gazteentzat
Eibarko BHII eta Batxilergoko ikastetxeetako ikasleentzako pentsatua eta jende orori ere zuzendua, dokumental honek herriaren historiaren errepaso bat egin nahi du, ikasleen eskola-kurrikuluma kontuan hartuta, testuinguru jakin batean izandako gertaera jakin batzuk azalduz.
Lau zatitan dago banatuta. Aurrenekoak 1960-1965 urteak hartzen ditu, hazkunde akaso larregizkoaren urteak. Eibarrek, orduan 31.860 biztanle zituen; lana nonahi; fabrika handiak eta etxe azpietako tailer txikiak. Munduan zehar, Municheko Kongresua (‘kontubernioa’, frankismoarentzat), Estatu Batuen eta Soviet Batasunaren arteko gerra hotza, Berlingo harresia…
Bigarren zatikoa dugu (1966-1972) Eibarko herriak ezagutu duen arorik oparoenetakoa: ordukoa dugu lehen etxe-orratza, Untzagako dorrea; beharrik ere ez zen falta; kultura-gosea zegoen, Euskal Jaiak, orduko Fiesta Vascak, sekulako arrakasta lortu zuen; Boleran eta Jai-Alaian kantu-txapelketak antolatzen ziren; Juan XXIII kooperatiba-kontsumoa zabaldu zen Urkusuan…Hala ere, urte haietan giroa asko gogortu zen: salbuespen-egoerak, Lorenzo Zabalaren bahiketa, grebak fabriketan, Burgosko prozesua, Perez Jauregui eibartarraren heriotza manifestazio batean. Tentsio-une handiak bizi izan ziren.
Hirugarren atalean (1973-1975), petrolioak izandako prezio-gorakadaren ondorioa, inflazioa eta herritarrengan izan zuen eragina islatzen da; eta politikan, Añoveros auzia, frankismoaren heriotza-zigorrak eta Francoren heriotza.
Trantsizioa deiturikoa dugu amaierako zatian (1976-1982), gorabehera handiko urteak: ilusioa, gauzak aurrera ateratzeko gogoa, aldaketa politiko handiak (Erreforma, aministia, Konstituzioa, Estatutua, lehenengo udal-hauteskundeak). Eta Eibarren auzolanaren eredutzat har daitekeen Gure Herria elkartea. Kulturaren eta euskararen arloan aurrerapausu handiak eman ziren; emakumeen eskakizunak, ordura arte isilean egondakoak, aurreneko aldiz hasi ziren ozenki entzuten. Sasoi hartan, eskola asko zeuden Eibarren baina eskolaume asko zeudenez, eskola berriak jaso ziren 1978. urtean (Arrateko Andra Mari, Iturburu ikastola).
Eibarrek 39.919 biztanle zituen 1979an, sekula izan duen biztanle-kopururik handiena.
Zailak izan ziren urte haiek; gorabehera eta gatazka handiko bi hamarkada izan ziren, baina baita ilusioaren eta aldaketaren hamarkadak ere.
Dokumentuaren akzioak