Eibarko industria-eraikinak.
El Casco: etxea. Jardiñetako etxeak eta Coliseoa oriandik amaitzeke. Argazkia: Eibarko Udal Artxiboa
Tailer bakoitzaren historia Udal Artxibotik ateratako datuekin bildu du arkitekto eibartarrak:
Cerámica Eibarresa (Otaola hiribidean): 1930ean, “La Fidelidad” zeramika-tailerra jartzeko jaso zuen Alejandro Ordoñok, labe txikia eta tximinia lehendik zegoen etxetxo baten ondoan eraikita; 1955ean Julian Larreateguik erosi zuen eta handitu; 1970ean, Julian Larreateguiren bilobak hasierako tailer zaharraren ondoan eraiki zuen gaur egun ezagutzen dugun eraikina. 2005era arte martxan egon zen.
Ayra Durex izena hartu zuen Isidro Gaztañagak, Venancio Trocaolak eta Jose Ibarzabalek 40eko hamarkadan Barrena kalean errekaren gainean eraiki zuten industriak, Castor Uriarte arkitektoarena. 1948an langileentzako egoitza eraiki zuten, 30 gelakoa, Diego Basterrarena. Harrez geroztik asko handitu zen enpresa, ia 11.000 m2 eraiki eduki arte, harik eta 1978 inguruan Zumaiara joan zen arte.
Cadenas Iris Iparragirre kalearen hasieratik Txontaraino 6000 m2tik gora hartzen duen eraikin erraldoia dugu. Valentin Echeverría eta Willy Bohnm industrialariek fundatu zuten 1938an, Raimundo Alberdi arkitektoa hartuta. Hasieran “Industrias Echeverria” zena 1955ean “Cadenas Iris” bilakatu zen eta handitze horretan Ramon Martiarena arkitektoak zeresan handia izan zuen. Gaur egun, Azitaingo industrialdean dago.
Barrena kaleko 32an dagoen industria- eta bizitegi-eraikina Manuel Retolaza eibartarrak sustatu zuen 1947an, aldamenean Rodisa tailerra eta beste aldean txalet bat zuela. 1973an eraikina handitu zen; 2000. urtean etxebizitza bilakatu ziren 3. eta 4. solairuak.
Aurrera 1883koa dugu. 1913an Gregorio Iraeguik handitzeko eskaera egin zuen Augusto Aguirre arkitektoak egindako proiektuari jarraituz. Gerra ostean, Heraclio Echeverriak tailer berriak eraiki zituen, hormigoi armatuzko tailer sendoak, Raimundo Alberdi arkitektoaren proiektuan oinarrituta. Azkenik, 70ko hamarkadan tailerra Eibartik joan zen, eta eraikinak gaur ezagutzen dugun eraldaketa izan zuen 80ko hamarkadaren amaiera aldean.
Olave, Solozabal y Cía (El Casco) Juan Olavek eta Juan Solozabalek sortu zuten 1930 inguruan eta 1938an Pagein eraiki zuten lehenengo tailerra, Raimundo Alberdi arkitektoarena. 1944an eraiki zen etxea, Dominguez Elosegui eta Jose Antonio Ponte arkitektoena.
Amabirjinaren prozesioa Ayra-Durexen ate paretik (Argazkia: Felix Egaña)
Dokumentuaren akzioak