Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Klub Deportiboaren 100. urtemuga ostegunean amaituko da

2025/01/28
2024ko urtarrilaren 30ean 100 urte bete zituen Eibarko elkarte zaharrenak.

1924ko urtarrilaren 30ean sortu zen Eibarko Klub Deportiboa, lau kirol nagusi zituela:  atletismoa, mendia, pilota eta txirrindularitza. Urteak pasatu ahala, kirola eta kultura lotzen hasi ziren, eta, horrela, gaur egun, elkartearen helburua Eibarko kultura eta kirola bultzatzea da. 2.700 bazkide inguru ditu eta hauek dira elkartea osatzen duten batzordeak: mendia, Kezka dantza taldea, argazkilaritza, xakea, atletismoa, squasha, eskia, artxiboa, pilota, urpeko ekintzak, kultura, espeleologia eta txirrindularitza.

Horrelako klub baten 100 urteko historia jasotzea ez da lan makala, eta zuzendaritza- taldeak proiektu handi bat jarri zuen martxan: 100 urteko artxibo digitala sortzea. Klubaren artxiboa batzeko eta digitalizatzeko Eibarko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dute. Hementxe dago eskuragarri: https://artxiboa.deporeibar.com/

Ekintzaz betetako urtea izan da 2024a: urteurrena Urko tontorrerako bidea argiztatuz hasi zuten, herritarrek elkarteari dioten begirunearen adibide; kirola kalera ateratzeko ekimenaren baitan, Atletismoa Kalean edo Abentura Parkea antolatu zuten;  “1924-2024: Mende bat esku artean”  liburua kaleratu dute; eta abenduan Eibarko Udalak ematen duen “Txopitea eta Bakea” saria jaso zuen klubak.

100 urte hauen ospakizuna ostegun honetan bukatuko da, eta hasiera bikaina eman zitzaion bezala, bukaera borobila emateko asmotan, Urkotik Eibar argiztatu nahi dute. 400 lagun behar dituzte klubaren logoa sortu eta argitzeko. Izena eman daiteke esteka honetan: https://labur.eus/deporargitu

Bidea hasi, hari  jarraitu eta  gaur egun ere horretan diharduten pertsonen esfortzuarekin bete ditu 100 urte Gipuzkoako klub handienetakoa den Eibarko Klub Deportiboak.

Argazkia: Iraia Agirre. https://instagram.com/animalattitudephoto
Argazkia: Iraia Agirre. https://instagram.com/animalattitudephoto

 

Dokumentuaren akzioak