Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko mugarrien lana sarean jarriko da ikusgai

2014/11/14
Azaroaren 20an egingo den prentsaurrekoan aurkeztuko da lana. Bertan izango dira Miguel de los Toyos alkatea; Carmen Larrañaga Ego Ibarra burua; Mikel Larreategi Klub Deportiboko presidentea; Julian Etxeberria, Angel Treviño eta Periko Iriondo (Klub Deportiboko kideak, lanaren egileak).

Santutxuetako mugarria

Julian Etxeberria, Periko Iriondo eta Angel Treviño (Klub Deportiboko kideak) izan dira “Eibarko mugarriak: ikerketa-lana eta landa lana” egin dutenak eta gure udalerriko mugarri guztien egoera aztertu dutenak.

Herri-oroimenaren elementurik esanguratsuenak ditugu herriaren mugarriak, udalerriaren jatorria eta herri-ondarea seinalatzen dute; harritzarrok dira aldameneko herriekin zein lekutan elkartzen garen adierazten dutenak.

Aurrenik, Udal Artxiboan zeuden mugarrien aktak aztertu ziren eta ondoren, lan horri zegokion landa-lana 2013ko urtarriletik maiatzera bitartean egin zuten eta 2013ko maiatzaren 31n aurkeztu zen Ego Ibarra batzordean. Harrez geroztik, lana ontzen joan dira eta mugarriak ezagutzeko ibilaldiak antolatzen.

Sarean formatu guztietarako kaleratzen dena (tabletetarako, mugikorrak...) lan horren emaitza da. Aurrenik, mugarriaren zenbakia eta izena (Euskaltzaindiak onetsia), koordenadak eta zein alturatan dagoen.

Horiexek izango dira aurrenik ikusiko diren datuak; eta hortik aurrera mugarri bakoitzaren fitxa osoa eta argazkiak izango ditugu: harri-mota, harriaren itxura, inskripzioak, mugarria herri-artekoa edo probintzien artekoa den, leku-izena, zein egoeratan dagoen eta aurreko mugarritik zenbat metrora dagoen. Euskarazko testua Mikel Ziorraga Urizar eibartarrak egin du.

Dokumentuaren akzioak