Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibartarren Ahotan: azken elkarrizketatuek herriari buruzko jakingai asko ematen dituzte ikuspegi zeharo ezberdinetatik

2023/04/26
Roberto Aizpurua, Alberto Alava, Julio Arbulu, Serafin Basauri, Felix Berraondo, Augusto Borderas, Antonio Cancelo, Matilde Isasi-Isasmendi, Mikel Usobiaga eta Andresi Zabala.

Juan XXIII Kontsumo Kooperatibaren lehenengo denda, Urkizun. Argazkia: Eibarko Udal Artxiboa.

Roberto Aizpurua Leyaristi, zinegotzi izandakoa eta sindikalista; Alberto Alava Martinez, EMKko  kidea, Julio Arbulu Gallastegi, Karmelitetako fraidea; Serafin Basauri Arteaga, euskaltzalea; Felix Berraondo Echeverría, behargina; Augusto Borderas Gaztambide, pediatra; Antonio Cancelo Alonso, Juan XXIII kontsumo-kooperatibaren eta Eroskiren sortzailea;  Matilde Isasi-Isasmendi Gallastegi emagina; Andresi Zabala Abasolo, praktikantea; eta Mikel Usobiaga Iriondo, Gure Herria elkarteko kidea.

Roberto Aizpuruak dio Franco hil aurretik askatasun pixka bat gehiago nabaritzen hasi zirela, eta Eibarko lehenengo udal demokratikoko zinegotzia izan zen garaiko kontuak kontatzen ditu.

Serafin Basauri Euskaltzaindiak Eibarren egin zuen 1959ko kongresua antolatzen ibili zen, eta sasoi hartan udaletxean giro nahiko euskalduna zegoela esaten du nahiz eta frankismoan bizi; ekitaldi hartan, Eguren alkateak euskaraz jardun zuela.  Mikel Usobiagak Gure Herria auzo-elkartearen sorrera eta elkarlanari esker egindako lanak ekartzen ditu gogora: Amañako dorreetatik eskolarako bidea, udalbusa, Arratebideko  lehenengo haurtzaindegia…

Julio Arbulu fraideak Karmeldarrek zuten helduentzako eskola nabarmentzen du; doan zen ikasleentzat eta haren gastu guztiak batzorde baten  bidez ordaintzen ziren.  Eskolak 20 urtez iraun zuen eta karmeldarrek Eibarren eman zuten zerbitzurik onena izan dela irizten dio.

Alberto Alavak dio EMK-koak ez zeudela ados Francoren heriotzaren ondorengo trantsizioarekin; eta, frankismoan, PCE izan arren frankismoari erresistentziarik handiena erakutsi zion alderdia, gero ezin izan zutela emaitza onik lortu hauteskundeetan. 

Felix Berraondok txikitatik ezagutu zuen karlismoa etxean eta ondo gogoratzen du nola bidali zituzten 1936ko uztailaren 25ean Juan Berraondo  bere aita eta beste errekete eibartar batzuk Somosierrara; han hil ziren Guruceta eta Arrieta eibartarrak. Gerraosteko bizimodua dakar gogora. 

Andresi Zabalak kontatzen du ALFAk beharginen umeentzat kontsulta bat zabaldu zuela Julian Etxeberria kaleko 13.zenbakian eta Andresi bertako erizaina izan zen. Orduko gorabeherak eta praktikante legez etxez etxe egindako lana aipatzen ditu.

Augusto Borderas 1958ko urriaren iritsi zen Eibarrera 26 urterekin eta Estaziño kalean bizi izan zen, Carmen Aramberriren pentsioan. Eibarren familia-medikuak bazeuden baina pediatrarik ez. Bere bitartez etorri zen Don Basilio Rodriguez Castro herrira.

Antonio Cancelok TEFISO taldearen sorreraz hitz egiten du, kontsumo-kooperatibez (La Eibarresa izan zen aitzindaria, 1956an), baina batik bat, Juan XXIII kooperatibaren jaiotza (1967) du hizpide, Jose Lizari presidentea buru zela, denda Urkizun zabaldu zuena. Arrakasta handia zuen herri mailan, baina bazekiten hedatzeko beste kontsumo-kooperatiba batzuekin antolatu behar zirela eta horrela sortu zuten Eroski.

Matilde Isasi-Isasmendi emaginak, beste gauza askoren artean,  Eibarren drogekin izan zen arazo larria dakar gogora eta emakume batzuek elkarte bat sortu zutela herrian drogen arazoei aurre egiteko. Bizipen-zatiak eskaintzen dituzten testigantzak, gure historia hobeto ulertzen laguntzen digutenak.

Dokumentuaren akzioak