Ekainaren 9an Eibarko Udal Artxiboak Eibarko lehen irratiaren 70. urteurrena ospatuko du, zuzeneko saio bat eginez Artxiboan bertan 12:00etatik 14:00etara
Radio Eibar irratiko esatariak, 1960an.
Eibarko lehen irrati publikoa erregimen frankistak sortu zuen, eta haren helburua zen irratigintzan trebatzeko eskola bat izatea eta handik irratiko teknikariak, esatariak, gidoilariak eta abar ateratzea. 1976an Radiocadena Española bihurtu zen eta geroago Radio 5 Eibar, RCE-k eta Radio Nacional de Españak bat egin ondoren. 1991ko uztailaren 24an betiko itxi zen, hogeita hiru zentrorekin batera. Dena den, haren frekuentzia RNE-ko Radio 1 irratiak erabili zuen (Iturria: La estructura de la radio en el País Vasco 1986-1996, Avelino Amoedo).
Eibarko Bidebarrieta kaleko lokaletan, 38 urteko ibilbidean, profesional asko nabarmendu ziren, besteak beste, Ángel Abad, Martínez Ayuso eta Mateo Guilabert.
Irratiak presentzia handia izan du beti Eibarren, eta euskararen alorrean Arrate Irratia aipatu behar da, Pedro Gorostidi abadeak sortua, zeinak 1959ko abenduaren 23an emititu baitzuen lehen aldiz uhin ertainean. 1989an lortu zuen behin betiko lizentzia, historian zehar hainbat aldiz itxita egon ondoren: 1964ko maiatzean itxi egin zuten, Informazio Ministerioaren aginduz; 1978ko uztailaren 3an, emisioei ekin zien frekuentzia modulatuan, eta urte bereko azaroaren 13an itxi zuten berriro. 1982ko abenduaren 30ean itzuli zen uhinetara, eta gaur egun emititzen jarraitzen du Arrateko Santutegiaren ondoan.
Eibarko Herri Irratia 2006tik 2010era egon zen martxan; Onda Cero, Radio Marca, HIT radio eta Kiss FM ere egon dira herrian, eta guztiak izan dira profesional askoren harrobi.
Azpimarratzekoak dira, baita ere, Eibarko irrati libreen lana. Aitzindaria Pottoka Irratia da, 1983ko urtarrilean sortua, non «Gusi vuelve a la radio» saioan Atun Para la Princesa musika taldeko bi kidek era guztietako musika programatzen zuten. Beste bat, Matrallako Irratia, 2002an sortu zuten eibartar gazte batzuek, euskaraz, beste irrati alternatibo batzuekin batera, Arrosa koordinakundearen barruan. Haien Gora Euzcadi Chisturlari saioa oso ezaguna egin zen Euskal Herri osoan. 2008an laga zion emititzeari.
Radio Estudio, herri mailako irrati bat, 1990eko urriaren 1ean sortu eta 1992an COPEn sartu zen. Azkenik, 2002an, SER katearekin elkartu zen, Radio Eibar-Cadena Ser izenarekin. Irrati horrek egingo du Artxiboen Nazioarteko Eguneko programa berezia, zuzenean, Udal Artxiboaren instalazioetan bertan, ekainaren 9an. Gonbidatuak eta publikoa egongo dira.
Aforoa txikia denez, email bat bidali behar da esteka honetara: artxiboa@eibar.eus o kontsultaartxiboa@eibar.eus.
Ekitaldi hori aprobetxatuz, irratiak Eibarren izan duen historia jasotzen duen argazki-galeria txiki bat ere osatu dugu Egoibarra.eus webgune honetan, Eibarren izan ditugun irratien argazki historiko batzuk bilduz. Ikusgai duzu webgune honetako argazki-galerien atalean.
Mateo Guilabert esataria, Jai-Alaian
Dokumentuaren akzioak