Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"Emakumeen ekarpenak" Eibarko industrian liburuaren aurkezpena martxoaren 13an izango da, Portalean.

2020/02/28
Gure herriko emakumeek egindako beharraren inguruko gogoeta islatzen da Berdintasun Sailak eta Andretxeak egindako 292 orrialdeko lan mardulean.

Emakumeak beharrean. Argazkia: Eibarko Udal Artxiboa.

Emakumerik gabe, Eibar ez litzateke gaur egungoa izango? galdera gogoetatsutik abiatzen da liburua, industrializazio-prozesuaren bizipenak emakumeen ikuspegitik kontatzeko: “lan, lan eta lan” eginez familia aurrera ateratzen duten andrazkoak; gehienetan, gizonezkoek adina lan edo gehiago egin eta gutxiago kobratuta; gizonek baino askoz gehiago erakutsita.

Lau atal nagusi ditu; aurrenak,  gogoetaren arrazoibidea eta testuingurua dakartza, atal historikoa; bigarrenak, “Eibar” ezberdinen azterketa (gremioak, industria…); hirugarrenak, industrializazio-prozesuaren bizipenak eta emakumeek egindako lana; eta, azkenak, laugarrenak, prozesu horretan emakumeek izandako parte-hartzea eta sare ekonomikoarekiko eragina: emakume beharginen aztarnak oroitzea eta ikustaraztea. Zaida Fernández, Savina Lafita eta Luz Maceira egileek isilik zegoena bistaratzea nahi izan dute. 

Baina, batik bat, herriko andren testigantza zuzenak dira lanaren sustrai eta sostengu: América Vargas, Arantza Arrieta, Arrate Aranceta, Arrate Balentziaga, Arrate Iturralde, Aurora Baskaran, Begoña Narbaiza, Celsa Díaz, Elsa Ezker, Espe Zabala, Esther Gisasola, Fátima Samadi, Fátima Zofira, Hafida Idrisi, Hanane Ados, Hasnae Benamar, Jemaa Seddik, Josefina Zabalza, Kabira Samadi, Leticia Martínez, Loubna Allaoui, Karmen Apellaniz, Mari Ángeles Igartua, Mariaje Agirregomezkorta Etxebarria, Margarita Olañeta, Marijose Vargas, Marian Hernández, Mechy Arkalis, Mercedes Yralagoitia, Miren Ansola, Nerea del Campo, Nerea Alustiza, Nerea Zabala, Pilar Orozko Arrillaga, Pristila Valderrama, Rabiaa Gamrani, Rosa Goenaga, Soukaina Erras, Tere Ganchegui eta Yolanda Sarasqueta.

Liburua, esan bezala, martxoaren 13an aurkeztuko da, Portalean, 19:00etan, eta, liburuarekin batera, Eibarko emakumeek egindako lanekin atondutako erakusketari emango zaio hasiera, martxoaren 29ra arte ikusgai izango dena.

Etxetik kanpo lan egiteak, soldatapeko lanak eta gizonek menderatutako eremuetan sartzeak autonomia ekonomiko handiagoa emango zigula uste izan genuen; botere sozial handiagoa izango genuela, eta horrek aldaketa soziala abiatuko zuela. Ikusi dugunez, hori ez da gertatu, hainbat arrazoi direla eta. Gaur emakume gazteek ez dute bakarrik nahi emakumeen egoera hobetzea, aldaketa soziala nahi dute.” (Silvia Federici – Berria, 2019).

Emakumeen ekarpenak Eibarko industrian

Dokumentuaren akzioak