Erraketistak, txirrindulariak, mendizaleak… kirolari trebeak izan ziren Eibarko emakumeak

Emakume kirolariak
Jakin badakigu Eibarko emakumeak ezinbestekoak izan direla herriko bilakaerarako. Lan asko egin zuten etxean, enpresetan edota landa-eremuan, eta kirolean ere, noski, trebeak izan ziren. Hori da, hain zuzen ere, gaurkoan aipatuko duguna.
Asko izan dira kirolean esanguratsuak izan diren emakume eibartarrak; oraingoan horietako hiru aipatuko ditugu:
MARIA MAGUNAZELAIA (txirrindularia)
Gaztea zela, Matxariako Thieme-Edeler lantegi alemanean hasi zen lanean Maria, eskopeten kartutxoak egiten. Garai horretan hasi zen kirolean ere, eta bere bi zaletasunak hauek ziren: mendia eta txirrindularitza. Dirudienez, 1925 eta 1930 urte artean bere anaiaren GAC markako bizikleta erabiltzen zuen. Kontuan izan behar dugu garai horretan txirrindularitzan emakume oso gutxi aritzen zela, eta Maria askoren aitzindaria izan zen; Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat txirrindularitza-lasterketatan hartu zuen parte, horietako batzuk irabazita.
Angel Markano korrikalari eibartarrarekin ezkondu zen, eta seme bakarra izan zuten: Roberto Markano Magunazelaia. 1929an, ama zela, Elorrion lehiatu zen eta, gizonezko guztien aurretik helmugaratuta, Bizkaiko txapela eskuratu zuen. Saritzat garaikurra eman zioten, baita betiko gordeko zuen urrezko eraztun bat ere. Urte berean atera zion hain ezaguna den erretratua Indalezio Ojangurenek. Luciana Larreategi mendizalearekin batera, Eibarko Klub Deportiboko zuzendaritzako bokal gisa ageri da 1934ko akta-liburuetan.
Bere semea, Roberto, 36ko Gerra Zibilean Errusiara erbesteratu behar izan zuen gerrako umeetako bat izan zen. Mariaren senarra Santanderren fusilatu zuten Santoñako presondegian egon ostean, eta denborarekin, alargun geratu zen Miguel Fernandez ezagutu zuen. Roberto, Mariaren semea, 20 urte Errusian egon ostean, Eibarrera itzuli, eta handik Madrilera joan zen. Geroago, Maria bera, Madrilera lekualdatu zen bere semearekin eta haren familiarekin bizitzera. 2000. urtean hil zen, 96 urte zituela.
LUCIANA LARREATEGI (mendizalea):
Aitarengandik jaso zuen mendirako zaletasuna. Umetan harekin joaten zen igandero inguruko mendietara: Anboto, Galdaramiño, Arrate, Akondia, Urko… Urte batzuk geroago, gaztetan, lagunartean joaten zen, Teresa Etxeberria, Luisa Ugalde edota Felisa Eizekin, besteak beste.
Lucianak berak, Eibartarren Ahotan ataleko elkarrizketa batean, Anboto mendira joaten zirenekoak gogoratzen ditu. Goizeko 06:00tan abiatzen ziren Zaldibarrerantz, eta handik Anboto puntara joaten ziren. Anbototik Urkiolamendira eta Urkiolara abiatzen ziren, eta, azkenik, Durangora iristen ziren. Kontatzen duenez, bi abesti dantzatu, eta 19:30ean bueltako trena hartzen zuten.
Era berean, pasarte horietan gogora ekartzen du Karmen Iza “Txitxia”, emakume mendizaleen aitzindaria izan zena, eta dirudienez, Eibarko Klub Deportiboko parte izan zen lehen emakumea. Lucianak Karmen Izaren bidea jarraitu zuen, eta, Maria Magunazelaiarekin batera, Klub Deportiboko zuzendaritzaren parte izatera iritsi zen, elkartearen 1934ko akta-liburuetan agertzen denaren arabera.
2003an hil zen, Eibarren, 91 urte zituela.
EUGENIA IRIONDO ASTARLOA “EIBARRESA” (erraketista):
Nerabea zela, neskame izan zen Madrilen, eta Madrid pilotalekuko erraketista eskolara joaten hasi zen. Hasieran atzelari jardun bazuen ere, gerora, aurrelari ezin hobea bilakatu zen. Garai hartako kirol-berriemaileek ziotenez, “jokoan gogo handia jartzen zuen, eta trebea zen markagailuari buelta ematen” Eugenia. Dirudienez, partida batean pilotakada gogor bat jaso zuen aurpegian, baina jokatzen jarraitu, eta irabazi egin zuen; horregatik, partida amaitu zenean, ikusleek luzaroan txalotu omen zuten. 18 urte zituela profesional hasi zen Madrilen, eta, handik hiru urtera, Kubara joan zen Habana- Madrid pilotaleku ezaguna inauguratzera. 1928an itzuli, eta, Bartzelona eta Sevillako pilotalekuetan jokatu zuen.
1930ean, Roberto Cruz Elorza pilotariarekin ezkondu zen, eta seme-alabak izan ondoren jokatzeari utzi zion. Gerra Zibila hasi zenean, Eibarrera itzuli zen, baina erbesteratze zaila izan ondoren, Donostian bizi izan zen bi urtez. Azkenean, bere sorterrira bueltatu zen Eugenia, eta Arrateko baserrian bizi izan zen hil arte.
Dokumentuaren akzioak