Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ezagutu Eibarko San Andres eliza 360º-tako bisita birtualaren bidez

2024/02/08
Eliza itxita egon arren, herritarrek haren barrualdea sekula baino hobeto ikusteko aukera dute

San Andres elizako erretaularen goialdea

Gaurtik aurrera gure etxetik ikus dezakegu Eibarko San Andres elizaren barnealdea, kanpoko fatxadak, elizaren teilatupea, inguruak… Elementu garrantzitsuenak ikusteko, kalitate handiko argazkiak egin dira (erretaula nagusiaren gorputz guztiak, giltzarriak, organoa, aldareak, gangaren gakoak, nerbioak, kolomak, etab.). Herritarrak eta bisitariak elizara birtualki sartu eta eraikinaz disfrutatzeko aukera izateko modua bilatu da, udalerriko ondare eraikiaren zabalkundea teknologia berrien bitartez eginda.

Hiribildua sortu aurretik ere, herriaren muina eta herriak sortua zen San Andres eliza, gaur egun monumentutzat sailkatua kultura-ondasun kategorian. XV. mendearen erdialdean orain baino askoz txikiagoa zen eta ekialdera begira zegoen, gaurko elizaren kontrara. 1540an obra handi bat egin zen, eta orduan jarri ziren bost aldare, erdikoa San Andres Eibarko patroiari eskainia.

Handik urte batzuetara, Eibarko Kontzejuak erabaki zuen erretaula nagusia egitea, eta Andrés de Araozi eman zion hura egiteko ardura 1558an sinatutako kontratuan; Araoz eta haren semea ditugu erretaularen beheko gorputz bien egileak, XVI. mendearen bigarren erdialdeko euskal erretaulagintzaren obra gorenetako baten egileak. Bigarren fasea, azken goputz biak eta atikoa, 1736an hasi zen egiten, eta erretaulagileak Hilario de Mendizábal eta Fernando de Arispe izan ziren.

XVII. mende-hasieran, Kontzejuak eliza berri bat eraikitzea erabaki zuen. Eliza berriak aurrekoa baino askoz luzera eta zabalera handiagoak izango zituen, eta gaur egun ezagutzen dugunaren neurriak hartu zituen. 1662an eman zituzten obrak amaitutzat.

Gaur egungo klaustroa eta elizaren lokalak 1936ko gerra zibila amaitu ondoren egin ziren, Eritegi zeritzon kalean. 1979an azterlan bat egin zen eraikina zelako egoeran zegoen jakiteko, eta Javier Sáez arkitektoak zuzenduta, teilatu osoa konpondu zen. Handik urte batzuetara, 80ko hamarkadan, beste lan batzuk egin ziren, bereziki erretaula nagusian eta Arimen erretaulan. 2003an absidearen eremu osoa birmoldatu zen; eta, 2021ean, San Andres elizaren kanpandorrerako eskailera konpondu eta Udalak elizako erloju zaharra zaharberritu ondoren, udaletxearen patioan jarri zuen.

Elizaren klabeak edo giltzarriak, 148 guztira, Euskal Herriko garrantzitsuenetakoak dira.

Orain, bisita birtualari esker, hori guztia bertan bageunde bezala ikusteko aukera izango dugu.

Dokumentuaren akzioak