Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak" liburuaren aurkezpena

2011/05/31
Eva García Magriña idazleak aurkeztuko du "Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak" bere liburua ekainaren 2an, Portalean, iluntzeko 19:30etan.

Europako onenetarikotzat zeukaten Zizurkilgo Fraisoro etxea (Gipuzkoa). 14.000 haur inguruk hartu zuten ostatu 1903. urtetik 1994. urtera. Bazterrean utzitako haurren aterpe izan zen, baita haurdun zeuden ezkongabeen babesleku ere. Fraisoro etxeko gorabeherak eta bizipenak liburu batean bildu ditu orain Eva Garcia Magriñak: Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak. Lan hori ekainaren 2an aurkeztuko da Eibarren, Portalean, iluntzeko 7,30etan

Fraisoro etxeko giroa barrutik ezagutu zutenen testigantzak biltzeko aukera izan du egileak. «Gehiegikeriak jasaten zituztenen edo familiaren babesik ez zuten lagunen istorioak ezagutzeak hunkitu nau». Zizurkilgo etxean bizi ziren hiru emakumek Fraisororekin izan zuten harremana azaldu dute; tornuko ume izandakoek, berriz, haurrak zireneko oroitzapenak ekarri dituzte gogora. «Gogorrena handik ateratzea izan zela diote; Fraisoroko egonaldia baloratu dute». Horrekin batera, tornuko umeen txostenak erabili ditu informazio gisa, eta jasotako dokumentuak bere horretan sartzea erabaki du Garcia Magriñak, «zuzenean ikusteak emozio gehiago sortzen dutelako».

Bazterrean utzitako haurren gaiari eutsi dio egileak liburuaren lehenengo atalean; zazpi kapituluk osatzen dute Garcia Magriñaren lana. Haurrak kalean abandonatzen zituzten XIX. mendean; mende bat geroago, berriz, mojen komentuen aurrealdeetan zeuden leiho birakarietara eramaten zituzten. Haurren heriotza tasa handia zela-eta, irtenbide bila jardun zuten: «Aurrezki kutxaren sorrera erabakigarria izan zen, gizarte ekintzara bideratu zituen etekinak, eta Fraisoro etxea finantzatu zuen». Aldundia kudeaketaz arduratu zen, eta tornuko umeen batzorde bat ere osatu zuten. Donostiako haurrak bildu ziren hasieran; beste tornuko umeak eraman zituzten Zizurkilgo etxera ondoren.

Leiho birakarietatik hasieran eta Fraisoro etxeko ataritik ondoren, bazterrean utzitako haurrak iristen hasi ziren Fraisoroko haurren eraikinera. «Nolabaiteko luxua zen Fraisoron egotea, aurrerapenak zeuden higiene aldetik-eta». Dena den, osasunez ondo zeudenak baserrietan kokatzea zen tornuko haurren batzordearen nahia. Baina haurren bat aterperik gabe geratzen bazen, Tolosako erruki etxera eramaten zuten: «Hangoa ez zen oso giro gomendagarria; askotariko arazoak zituzten pertsonak zeuden». Erruki etxean bezala, Fraisoron ere bestelako arazoak zituzten emakumeak hartu zituzten 1952tik aurrera. Dena den, Garcia Magriñak ez dio bukaerako garai horri «horrenbesteko garrantzia» eman.

Haurdun zeuden emakume ezkongabeak Gipuzkoa osotik iritsi ziren Zizurkilera. Gipuzkoarrak ez ezik, probintzian hiru urtez bizi zirela ziurtatu zutenek ere hartu zuten ostatu Fraisoron. 15 eta 30 urte bitartekoak ziren gehienak; iritsi aurretik bizitakoak eraman zituen hara. «Bakoitzaren kasua ezberdina zen, ez zegoen emakumeen soslai jakinik». Gehiegikeriak jasan zituzten emakumeak eta adimen urritasuna zutenak heldu ziren Zizurkilgo etxera. Gizarte maila askotako emakumeak ere bildu ziren Fraisoroko ama ezkongabeen eraikinean. «Pobrea izatea sartzeko baldintza bat zen», dena den, «ohorezkoak» zirenek ere bazuten tokia: gela berezi batean egiten zuten lo, eta ordaindu egiten zuten han egoteagatik.

Baina Fraisoroko haur eta emakumeak ez zeuden bakarrik. Karitateko alabak, sendagileak, ikuskatzailea eta inudeak zituzten alboan. «Fraisoroko langileen giza jarrera erakutsi nahi nuen liburuan. Medikuak, esaterako, diru laguntzak lortzeko borrokatu ziren». Inudeek ere zeregin garrantzitsua zuten. Edoskitze lanetan laguntzen zuten, ez baitzegoen haur guztientzat nahiko esnerik. Hiru hilabetez behin kobratu egiten zuten tornuko ume bat edoskitzeagatik. Ama ezkongabeek ere dirua jasotzen zuten; behartuta zeuden bi hilabetez haurra edoskitzera, baita beste ume bati esnea ematera ere. (Iturria: BERRIA).

 

Dokumentuaren akzioak