Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gerrako umeak: 205 izen Eibarren

2012/04/03
Hiru hilabeteko ikerketaren ondoren, ondorioen eta eskerren unea iritsi zaigu. Lerro gutxi batzuetan, Gerra Zibileko ebakuazio espedizioetan joan ziren ume eibartarrei buruzko zertzelada nagusiak emango ditugu. 205 izan dira aurkitu ditugun izenak; asko eta asko izan dira Ego Ibarrari lagundu dioten pertsonak, erakundeak eta entitateak.

Eibarko "Gerrako umeak" Errusian: Ezkerretik eskumara, goian: Luis Arana eta Alberto Lizarralde; behean, Eugenio Prieto, Isaías Albistegui eta Ernesto Larreategui. Argazkia: Alberto Lizarralderen familia.

Eibarko umeak, ebakuazio espedizioetan

Ume  gehienak Frantzian egon ziren. Lurralde gertuena izateaz gain, errazago zen han sartzea. Frantzian koarentenan egon ondoren, Belgikara bidaltzen zituzten ume batzuk. Belgikan sartzeko bi aukera zeuden: Van Roey kardinalak sortutako “Oeuvre des Enfants Basques” organizazio katolikoaren bitartez sartzea edo Belgikako mugimendu sozialistaren laguntzari esker.

Bestalde, Erresuma Baturako espedizioa Santurtzitik atera zen 1937ko maiatzaren 21ean. Guztira ia 4.000 ume ziren eta haien artean, Eibarko hogeitabat, “Habana” trasatlantikoan bi egunez bidaiatu ondoren, Southampton-era iritsi zirenak. Handik Eastleigh-eko kanpamentura eraman zituzten. Halere, beren egonaldia uste baino askoz luzeagoa izango zela konturatu eta gero, kolonia eta familia ezberdinetan sakabanatu zituzten espedizioko arduradunek.

Lau espedizio joan ziren SESB (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasun)-era, baina bat bakarra izan  zen Euskal Herritik atera zena. 1937ko ekainaren 13an “Habana” barkua Santurtzitik  Frantziara abiatu zen. Han, umeek beste bigarren barku bat hartu zuten, “Sontay” izenekoa, Errusiara joateko; Leningradora (gaur egun, San Petersburgo) iritsi ziren. Harritzekoa da SESBera joan zen eibartarren kopurua hain handia zela ikustea, 60 inguru. Beste lurraldeetan ez bezala, SESBek ez zuen familien arteko banaketa antolatu eta “umeen etxeetan” geratu ziren.

Honako hauetan egon ziren: Odessa, Jerson, Kiev, Stalingrado, Pravda, Obninskoye eta abarren.

Denek, umeek zein helduek, egonaldia laburra izango zela uste zuten. Hala ere, aberriratze batzuk luze atzeratu ziren eta, beste kasu batzuetan, umeak ez ziren inoiz etxera bueltatu. Esate baterako, SESBean, itzuli nahi zutenek 20 urtez itxaron behar izan zuten, itzultzeko lehenengo aukera 1956ko amaieran izan baitzuten. Ordurako, helduak ziren, ikasketak eginak zituzten, eta batzuk ezkonduta zeuden eta seme-alabak zituzten.

Lagundu duten herritarrak, erakundeak eta artxiboak

Ikerketa burutzeko zenbait erakunderekin harremanetan jarri gara. Belgikako kasuan, adibidez, honako hauekin izan gara kontaktuan: CEGES (Centre d’Études et de documentation Guerre et Sociétés Contemporaines, Brusela), KADOC (Documentatie-en Onderzoekscentrum voor Religie, Cultuur en Samenleving, Lovaina) eta AMSAB (Instituut voor Sociale Geschiedenis). Era berean, asko lagundu digute gerrako umeen elkarte batzuek, hala nola Namurrekoak eta “Basque Children of ’37 (UK) Association”-ek (Erresuma Batua).

Hiritarren laguntza ere garrantzi handikoa izan da. Berrogeiren bat umeek edota familiakoek erantzun diote gure deiari, datuak ekarriz. Historialari eta ikertzaile batzuk emandako laguntza benetan azpimarragarria izan da. Guzti horiei esker, argazki-sorta bikaina bildu da.

Horretaz gain, dokumentazio historikoa aztertu dugu. Umeen ebakuazioei buruzko bibliografia espezializatua erabili dugu Eibarko kasuaren lehenengo aztarnak eskuratzeko. Gero informazio gehiago lortu dugu hurrengo artxibo eta erakunde hauetan: Euskal Abertzaletasunaren Agiritegia (Sabino Arana Fundazioa), Irargi (Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentrua), “Fundación Universitaria Española”, Eibarko Udal Artxiboa, Alcalá de Henares-eko “Archivo General de la Administración,  Salamankako “Centro Documental de la Memoria Histórica”, Fundación F. Largo Caballero, Fundación Pablo Iglesias-en Artxiboa, eta Malinas-Bruselako Artzapezpikutzaren Agiritegia.

Dokumentuaren akzioak