Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Herri-lurrak saldu beharrean, herria pobretuta eta herritar xeheak lur-jota utzi zituen “frantsesada”k (1808-1813).

2021/09/16
Finantza egoera zela-eta, Udalak bere herri-lurrak saldu egin behar izan zituen, betidanik garatutako baso-politika garrantzitsu bati amaiera emanez.

"Frantsesada" (Atzo goizeko ipuinak, Jose Antonio Azpilikueta)

1808. urtean Independentziaren gerra jasan behar izan zuen Eibarrek Konbentzioko Gerraren ondorioz burua jaso ezinda zegoenean. Frantsesak berriro herria hartzeak lehenaz gaineko gastuak ekarri zituen. Thouvenot jeneralak, 1810ean, Napoleon I.aren dekretu batek Bizkaiko Gobernuko gobernadore izendatu zuenak, bi milioi erreal eskatu zizkien Gipuzkoako udalerriei, eta Eibarri 4.501 erreal ordaintzea egokitu zitzaion. Udalaren diru-kutxan ez zegoen horrenbeste diru, eta auzokideen batzarrak nahiago izan zuen herri-lurrak saltzea biztanleen artean zerga berri bat ezartzea baino; horrela, gerraren gastuak herri-lurren salmentaren bidez ordaintzea erabaki zen.

Horniketa bermatuta bazegoen ere, Gipuzkoako herriek frantziar administrazioak ezarritako zergak ordaindu behar izan zituzten. 1811. urte inguruan, Eibarko herriak 30.912 erreal ordaindu behar zituen lau epetan. Udalak dirurik ez zeukanez eta inor aurreratzeko prest ez zegoenez lur jabetzaren gaineko banaketa egitea erabaki zen. 1808-1814 bitartean Eibarren saldutako herri-sailen balioa 500.000 errealekoa izan zen.

Herriko  lurren salmentak gauzatzeko prozedura zehatza Elgoibarreko Batzar Orokorretan —1808— ezarri bazen ere, salmentak gauzatzeko eskuduntza herri mailako agintarien esku gelditu zen neurri handi batean. Hala ere, historialari batzuen ustez, hainbat bidegabekeria burutu ziren agintarien esku-hartzearen ondorioz. Araudiaren arabera, saldu beharreko lurrak herritarrak ez ziren peritu bik tasatu behar zituzten. Tasazioaren prezioa ezin zen izan lurrek produzitzen zuten errenta 18gatik biderkatuta baino txikiagoa, eta errematearena, tasazioaren bi herenak baino txikiagoa. Eta nahitaez enkante publikoan saldu behar ziren. Baina ustelkeria egon, bazegoen.

Eibarren, desamortizatutako lurrik gehienak tasatutako prezioan saldu ziren. Hiru kasutan, erosleen eskaintzek tasazioa gainditu zuten; beste seitan, udalerriaren ondasunak tasatutakoaren azpitik saldu ziren. Beraz, orokorrean, Eibarko herriaren lursailak  tasatutako balioaren % 12,8 azpitik saldu zirela ondoriozta daiteke.

Desamortizazio-prozesuak klaserik xeheenak kaltetu zituen bereziki. Herriko basoak esku pribatuetara igarotzeak beraien biziraupen-baldintzak zuzen-zuzenean erasotzen zituen: basoan biltzen zen egurra, etxekoa sua pizteko; baita gaztainak ere, uzta txarrak gertatzen zirenean funtsezko elikagai bihurtzen zirenak; lurrik ez zeukatenen abereak herri-lurretan bazkatzen ziren, eta mendi-hegaletan ortu txikiren bat edo beste egiteko aukera zeukaten; basoan, ongarria egiteko beharrezko zen otea, garoa eta hostoak aurkitu ahal ziren... Goizetik gauera, ordura arte askatasunez erabiltzen zituzten herri-lurrak galtzeak kolokan jarri zuen beraien bizimodua, Elgetako ordezkariak salatu zuen modura 1816ko Batzar Orokorretan.

Bestalde, lurron pribatizazioak istiluak sorrarazi zituen jabe berrien eta betiko erabiltzaileen artean. Jabe berriek debekatuta zeukaten lurrak zarratzea, pertsona eta abereen bideak oztopatzen bazituzten. Baina praktikan ez zituzten baldintzok bete, eta istiluak eragin zituen. Erosketen ziurtasun-gabeziaren beste ondorio bat izan zen basoen suntsiketa areagotzea, jabe berriek badaezpada zuhaitzak mozten zituztelako, epe motzera etekina ateratzeaz gain, lur horiek beraienak zirela frogatzeko.

1811ko udaberrirako egoera jasanezina zen herrian: desamortizazioak  sektore ahulenei eragindako kalteari armen ekoizpenaren geldialdia gehitu zitzaion. Hiriguneko biztanle pobreenek —biztanleriaren 1/7a “pobre de solemnidad” zen ordurako—, goseak bultzatuta, herritik irten nahi zuen, inguruko herri edota baserrietan eskean ibiltzera. Baina frantziarrek debekatuta zeukaten herritik irtetea. Horren ondorioz, udalerrian zeuden 400 txiroak gosez hil baino lehen, Udalak  pertsona horientzat egunero erreal bana eskatu zion Diputazioari.

Hori dena kontatzen da Gotzon Iparragirre historialariak egindako Debarroko Oasi Liberala liburuan, gerrate guztiek dakarten txikizioaren eta minaren erakusgarri eta jakingarri.

Dokumentuaren akzioak

etiketak: 675urte