Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Herri ondarea eta kultura zaintzeko eta berreskuratzeko tailerra DBH4-ko ikasleekin

2015/11/24
Eibarko Udal Artxiboak, Itzio DBHko herri-ikastetxearekin elkarlanean, DBHko 4. mailako ikasleentzat prestatutako ikas-unitate batzuk jarri ditu abian ikastetxe horren Herri ondarea eta kultura zaintzeko eta berreskuratzeko tailerra aukerako irakasgaiari dagokion programazio barruan.

1913ko San Juan Jaietako programaren azala (Argazkia: Eibarko Udal Artxiboa / Archivo Municipal de Eibar)

Herriaren memoria kolektiboa ezagutzea da helburua; herriarentzat interes apartekoa duten dokumentuak gordetzen diren lekua gazteek barrutik ezagutzea. Azaroaren 25ean garatuko dute aurreneko ikas-unitatea. Bigarrena, ikasturtearen bigarren hiruhilekoan.

Aurreneko egunean, Itzioko ikasleak artxiboen munduan sartuko dira, eta zehatzago esanda, Eibarko Udal Artxiboaren muinean sartuko dira. Ordu bitan , ikasleek artxibologia zientziaren definizioa ezagutzeko modua edukiko dute; haren diziplina laguntzaileak zeintzuk diren jakiteko aukera; baina batik bat, dokumentuak eskuetan edukitzeko parada ezin hobea.  Segidan, klase praktikoa. Eibarko Artxiboko 3 dokumentu hauek jorratuko dituzte:  

Kontzejuaren Liburua (1589/1659). Herri honetako Artxiboaren Liburua. Paperen memoria.

Antzinako dokumentua da, 56 orrikoa, vitella-pergaminoa  eta papera dituena euskarri. Ikasleek, XVI. mendean dokumentuak artxibatzeko modua ezagutuko dute.

Udaletxe berria eta Eskolak eraikitzeko obren espedientea (1898-06-01/1907-07-17). 

513 orrialde dituen dokumentu horrek Udaletxearen lehenengo proiektua dakarkigu. Horren aurretik, ikasleek bisita bat egingo dute hasierako proiektuarekin dauden aldeak zelakoak diren ikusteko.

1913ko San Juan Jaietako programa egiteko espedientea (1913-03-30/1913-08-20)

Espediente horretan, ikasleek, 1913ko San Juan jaietan antolatu ziren ekitaldiak ezagutzeko aukera izango dute. Horien artean, hor dugu Abiazio Batzordeak antolatutako lehenengo hegaldia.    

Bigarren unitatea ikasturtearen bigarren hiruhilekoan garatuko da. Dokumentu bat irakurri eta transkribatuta duten ezagutza historikoa erakutsi beharko dute.  Horrela, Eibarko gazteak jatorrizko dokumentazioarekin hartu eman zuzena izango dute; ikerketa historikoaren jatorrizko iturrietara hurbilduko dira.

Dokumentuaren akzioak